Datuak

Positibo kopuruak goia jo du Nafarroan

Beste 749 kasu atzeman dituzte Hegoaldean, eta nabarmen ugaritu dira Nafarroan: 362 kutsatu detektatu dituzte azken egunean. 501 lagun daude erietxeratuta Hego Euskal Herrian, eta 82 gaixo daude ZIUetan.

PCR proba bat, Gurutzetako ospitalean. LUIS JAUREGIALTZO, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 21a
12:46
Entzun

Hirurehun kasuren langa gainditu du Nafarroak, berriz ere: 362 kasu atzeman dituzte azken egunean. Bigarren olatuan erregistratutako kopururik handiena da, oraingoz. Foru Erkidegoan egindako PCR proba guztien %14,4k positibo eman dute. Iruñerrian atzeman dituzte kasu gehienak, erregistratutakoen %52, zehazki. Halaber, Tuteran detektatu dituzte kopuru osoaren %10, eta Lizarrerrian, berriz, %4.

Hegoaldeko gainerako lurraldeetan, berriz, aurreko egunean baino koronabirus kasu gutxiago detektatu dituzte. Bizkaian 163 kasu atzeman dituzte, Gipuzkoan 142 izan dira, eta Araban, berriz, 73. Dena dela, egun bakarrean egindako PCR kopuruak nabarmen egin du behera hiru lurralde horietan: bi mila gutxiago egin dituzte; 7.316, zehazki. Egindako proben %5,2k eman dute positibo.

Azken egunean 34 lagun ospitaleratu dituzte Hegoaldean. Horietatik 12 Nafarroan erietxeratu dituzte, eta 22, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira 501 pertsona daude ospitaleratuta Hegoaldean, eta, oraintxe bertan, 82 gaixo daude ZIUetan, aurreko egunean baino bi gehiago.

Kasu gehiago zaharren egoitzetan

Koronabirusak jota lau egoiliar hil dira azken bi egunetan Bizkaiko zaharren egoitzetan, Bizkaiko Aldundiak jakinarazi duenez.

Halaber, azken egunean positibo gehiago detektatu dituzte Hego Euskal Herriko egoitzetan. Nafarroan, agerraldi bat atzeman dute Funesko zaharren egoitzan. Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilari Mari Carmen Maeztuk jakinarazi duenez, hango bi egoiliarrek positibo eman dute, eta kasu gehiago detektatu dituzte dagoeneko koronabirus kasuak zituzten beste bi egoitzatan: bi atzeman dituzte San Jose zentroan, eta beste bi Olabeko Mentalia egoitzan.

Araban ere kasu gehiago atzeman dituzte berriki. Zuiako Orobide egoitza pribatuan bederatzi egoiliarrek positibo eman dute azken egunean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.