Hamar nerabetik ia zazpik pornografia kontsumitu ohi dute

Save the Children erakundeak jakinarazi du batez ere mutilek kontsumitzen dutela pornografia. Nerabeek intimitatean ikusi ohi dute, eta doako plataformetan. Erakundea «kezkatuta» dago, eta sexu heziketa jarri du erdigunean.

Gazte bat ordenagailuaren parean. BERRIA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko irailaren 22a
13:37
Entzun

Nerabeen pornografia kontsumoa ikertu du Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak, eta ondorioztatu du hamar nerabetik ia zazpik —%66,5— pornografia «nahiko maiz» kontsumitzen dutela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hau da, azken 30 egunetan gaiari buruzko bilaketaren bat egin dutela jakin dute txostenaren egileek. Horretarako, 13 eta 18 urte arteko 267 gazteren iritziak eta ohiturak jaso dituzte.

Genero irizpidea da ondorioak ateratzeko erabilitako tresnetako bat, eta erakundeko kideek ohartarazi dute mutilek neskek baino gehiago kontsumitzen dutela pornografia: hamarretik bederatzik, hain zuzen. Emakumeen kasuan, kopurua murritzagoa da: erdiek kontsumitzen dute. Hura ikusteko erari dagokionez, lehendabizikoz, lagunen gailuetan ikusi ohi dute, edo, bestela, gomendatu ostean, beren kabuz bilatzen dute. Areago, Whatsapp bidez bidaltzen edo sare sozialetan publikatzen diren argazkiak ere lehen kontaktu gisa izenda daitezke. Baina badira beste era batzuk ere: bilaketa aktiboa egitea eta ezustean topo egitea, esate baterako.

Intimitatean ikusi ohi dute gehienek pornografia, eta doako plataformak erabilita ia ehuneko ehunak; zehazki, %98,5ek. Baina erakundeak ohartarazi du halako plataformetan «indarkeria eta harreman desorekatuak» nabariak izaten direla, nahiz eta erdiek baino gehiagok uste «kontsumo arduratsua» egiten dutela. Hain zuzen, nerabeen erdiek eta, batez ere, mutilek pentsatzen dute ikusitako pornografiatik «ideia berriak» jaso ditzaketela beren sexu esperientzietarako, eta aitortu dute ikusitakoa praktikan jartzea gustatuko litzaiekeela. Hala ere, erakundearentzat jarrera hori kezkagarria da: «Ikusten dutena imitatzen ahalegintzen direnean, ez diote aurrez baimena eskatzen  bikotekideari».

Jasotako heziketa

Ikerketaren arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako nerabeen %81,2 gai dira pornografia irudi gehienetan ageri ohi diren «praktika kaltegarriak, indarkeria eta desberdintasunak» atzemateko, eta gehiengoak nahiago du «hierarkiarik gabeko» bideoak kontsumitu. Hala ere, sei nerabetik ia batek ez du alderdik ikusten eszenetako irudien eta sexu esperientzia propioen artean, eta hirutik batek nahiago du botere hierarkia existitzen den bideoak kontsumitu.

Egileek heziketa sexuala jarri dute hausnarketa horien erdigunean. Adierazi dutenez, parte hartu duten nerabeen erdiek baino gehiagok azken bi urtean bederatzi prestakuntza ordu baino gehiago jaso dituzte, baina %64,3ek informazio falta sumatzen dute. «Curriculumean txertatu gabe dago afektibitate eta sexu hezkuntza, eta, aukera ugariz jositako mundu teknologiko honetan, sexualitateko irakasle eta aholkulari bihurtu da pornografia nerabeentzat». Erakundearen iritziz, beharrezkoa da programa gehiago lantzea, besteak beste, «jardunbide egokiak» lantzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.