Zaporeak janari bilketa handi bat egiten hasi da

Janari bilketaren helburua Morian dauden errefuxiatuei laguntzea da.

Zaporeak-en aldeko ekimen bat, Bilbon, artxiboko irudian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko irailaren 25a
11:05
Entzun

Euskal Herri osoan janari bilketa handi bat egiten hasi da Zaporeak elkartea. Morian (Grezia) dauden errefuxiatuei laguntzea du helburu, eta gaur eta bihar egingo dute. Euskal Herriko hainbat herritan ezarri dituzte janaria jasotzeko lekuak.

Larrialdi egoerari «tamainako erantzuna» eman behar zaiola eta, hainbat produktu eskatu ditu Zaporeak elkarteak: arroz luzea, txitxirioak, dilistak, babarrunak, makarroiak, latako atuna eta sardinak, espeziak, oliba olioa, esne hautsa...

Irailaren hasieran, sua piztu zen Lesbos uharteko Moriako kanpamentuan, eta haiei lagundu nahi die Zaporeak-ek. «Irailaren 8an Moriako errefuxiatuen esparruan gertaturiko sutearen ondorio latzak ikusita, Zaporeak-ek larrialdiko janari bilketa antolatu du Euskal Herriko herrialde guztietan», azaldu dute, ohar bidez. Elkartearen hitzetan, une hartan, 13.000 errefuxiatu zeuden han bizitzen, eta, bat-batean, errepide bazterretan bizitzera igaro ziren. Egoera horretan, inoiz baino otordu gehiago prestatu behar izan zituztela nabarmendu dute. Kanpalekua berreraiki dutenean ere, beharrak ez direla desagertu ziurtatu dute: «Larrialdi egoera honetan, Zaporeak-eko sukaldeak eta lantaldeak lanean dihardu, unean uneko beharrizanak identifikatzeko eta horiei erantzun bat eman ahal izateko».

Janari bilketa ez da izango Zaporeak-ek errefuxiatuei laguntzeko antolatutako lehen ekintza. Joan den larunbatean, esaterako, elkartearen aldeko «larrialdi» ekitaldi bat antolatu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.