Datuak

Positibo gutxiago atzeman dira

Beste 679 detektatu dituzte Hego Euskal Herrian, eta apaldu egin da ospitaleratuen kopurua: 42 lagun sartu dituzte erietxean azken egunean. 72 gaixo daude ZIUetan. Gizonezko bat hil da Nafarroan.

PCR probak, Urdulizko ospitalean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2020ko irailaren 25a
12:57
Entzun

Hegoaldeko lau lurraldeetan murriztu da egun bakarrean atzemandako positiboen kopurua; guztira, 697 probatan detektatu dute birusa. Nafarroan izan dira positibo gehien; zehazki, 314. Datuak lurralde horretan dira kezkagarrienak, baina kasu kopuruak behera egin du bigarren egunez jarraian: kasuek goia jo zuten asteartean, 421 erregistratuta. Ordutik, positibotasun tasak behera egin du. Gainera, gero eta PCR proba gehiago ari dira egiten egunetik egunera lurralde horretan. 3.799 egin dituzte egun bakarrean. Horien guztien %8,2k eman dute positibo.

Hegoaldeko gainerako lurraldeei dagokienez, 159 kasu detektatu dituzte Bizkaian, 141 Gipuzkoan, eta 70 Araban. 9.118 test egin dituzte azken egunean hiru lurralde horietan, eta, zehazki, %4,2koa da positibotasun tasa.

Halaber, Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, koronabirusarekin eri zen pertsona bat hil da azken egunean foru erkidegoan. 71 urteko gizonezko bat da hildakoa.

Bestalde, gutxitu egin dira ospitaleratuak. Osakidetzak eta Osasunbideak jakinarazi dutenez, azken egunean 42 pertsona erietxeratu dituzte haien ardurapeko ospitaleetan, aurreko egunean baino bederatzi gutxiago. Oraintxe bertan, 491 lagun daude Hegoaldeko ospitaleetan, eta horietatik 72 ZIUetan daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.