Bertsolaritza

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratu dute

Sailkapen fasea jokatu da azken asteetan, baina, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, aurten txapelketa ez egitea erabaki du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak

Onintza Enbeita da egungo Bizkaiko txapelduna. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
mikel lizarralde
2020ko irailaren 25a
14:31
Entzun

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak gaur jakinarazi du ez dela aurten Bizkaiko txapelketa jokatuko. «Zalantza eta bilera askoren ostean, COVID-19ak eragindako egoera tarteko, Bizkaiko Bertsozale Elkartean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki dugu, printzipioz, datorren urtera». Udaberrian jokatu beharreko sailkapen fasea azken hamar egunetan jokatu dute, baina txapelketak ez du aurrera egingo.

«Txapelketak parte hartzaileengan duen eragina handia da; euren ikusgarritasuna plaza honek ematen du eta hurrengo urteetarako plazak eskaintzen dizkie. Urte berezia da, eta zaila da aukera berdintasuna bermatzea egoera honetan. Batetik, saioen ezaugarriak pandemiaren bilakaeraren arabera aldatu daitezke eta, bestetik, sailkapen izaera duenez, saio batean parte hartu ahal ez izateak Txapelketa osoa galtzea eragingo luke», azaldu du elkarteak.

Dena den, «txapelketako saioak egiteko baldintzarik egon ez arren», Bizkaiko Bertsozale Elkarteak uste du bestelako saio asko antola daitezkeela guztion osasuna bermatuz. «Kultura segurua dela berretsi nahi dugu, eta guztiok seguru egonda egiteko moduko saioak antolatu daitezkeela uste dugu. Horregatik, udazken honetarako bertso saioen zirkuitutxo bat antolatzen ari gara. Kulturak merezi duelako, eta bertsozaleek ere bai». Aurrerago emango dituzte saio horien gaineko xehetasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.