euskal presoak

Ibai Beobide euskal presoaren lagunek istripua izan dute Puertora bidean

Cadizen gertatu zen istripua, atzo. Etxeraten arabera, denera 348 istripu gertatu dira «dispertsioaren eraginez».

Autoaren atzealdea, istripuaren ondoren. ETXERAT
2020ko irailaren 26a
12:42
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ibai Beobide preso bilbotarraren bi lagunek auto istripua izan zuten atzo arratsaldean, Puerto III espetxera —Euskal Herritik 1.050 kilometrora— bidean zihoazela. Elkarteak «dispertsioak eragindako» istripua salatu du.

Istripua Cadizen gertatu da, atzetik zihoan auto batek haiena jotzean. «Talka handiaren ondorioz mina eta ondoeza jasan arren, bidaiarekin jarraitu zuten bisitara iristeko», azaldu du Etxeratek, eta gaineratu du bidaiaren azken zatia taxian egin behar izan zutela, autoak jasaniko matxuraren ondorioz.

Koronabirusak eragindako osasun larrialdi egoerak bisita gutxiago egotea eragin duen arren, «urruntze politikak ezartzen duen arriskuak» mantentzen direla azaldu du Etxeratek, eta adibidetzat jarri du atzoko istripua; urteko lehena. Etxeraten arabera, ordea, azken horrekin 348 dira Espainiako eta Frantziako gobernuek martxan jarritako «sakabanaketaren» eraginez gertatutako istripuak. Horiek 944 euskal presoren senide eta lagunei eragin diete, eta orotara hamasei lagun hil dira errepideetan. 

«Istripu horietako bakoitzak, haien ondorioek  eta kalteak, eta hauek konponezinak izateko arriskuak, urruntzeari amaiera emateko premia azpimarratzen dute», salatu dute. Hala, euskal presoen senideen bizitzak «arriskuan» ez jartzeko eskatu du elkarteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.