AHTren aurkako mobilizazioekin jarraitzera deitu du Mugitu mugimenduak

Azken asteetan taldeko zortzi kideren aurka egin diren atxiloketek «garai zaharrak» gogorarazten dizkiela salatu dute, baina errepresioak ez dituela beldurtuko gaineratu dute

Mugitu mugimenduko kideek gaur egin dute agerraldia, PSNren egoitza aurrean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko irailaren 26a
18:40
Entzun

Iragan abuztuan, Mugitu mugimenduko kideek AHTren obrak geldiarazteko ekintza bat egin zuten Martzillan, egun batzuk lehenago Airef erakundeak azpiegitura horri buruzko kritika oinarri hartuta. Duela bi aste, berriz, Espainiako Poliziak mugimenduko zortzi kide atxilotu zituen, baita ekintza haren berri eman zuten bi kazetari ikertu ere.

Operazio hori gaitzesteko asmoz, gaur prentsaurrekoa eman dute Mugitu mugimenduko kideek, Sarasate pasealekuan, PSNren egoitza aurrean. Nabarmendu dute atxilotuek akusazio larriei aurre egingo dietela, funtzio publikoa usurpatzea, dokumentuak faltsutzea eta derrigortzea leporatzen dietelako. «Dirudienez, gobernu honi ez zitzaion gustatu AHTaren Nafarroako korridorearen azpizati bat modu publikoan geldiaraztea, nahiz eta beraiek isil-isilik beste bi azpizati geldiaraztea erabaki duten», aipatu dute.

Halaber, irailaren 13an Mugituko hainbat kidek Espainiako Gobernu ordezkaritzara igo eta lepotik kateatu ziren. Ekintza harekin, Nafarroako korridoreko eta euskal Y-eko azpisail guztiak geldiaraztea aldarrikatu zuten. Ekintza haren aurka egin zuten ere. Mugituk salatu du atxiloketak «epailaren agindu gabe» etorri zirela, AHTren aurkako mugimendua beldurtzeko helburu argiarekin. «Desmobilizatu eta kriminalizatu besterik ez du egin nahi, gatazka sozial handiak sortzen ari diren garai hauetan»

Mugitu mugimenduari adierazgarria iruditzen zaio egun AHTk «unerik ahulena» bizi duen testuinguruan etorri direla atxiloketok. Gogora ekarri dute Nafarroako korridorean bi azpitarte geldiarazi behar izan dituztela, eta erakundeetan bertan gero eta ohikoago dela ahots kritikoak entzutea. Adierazgarriena Airef erakundeak abuztuan argitara emandako txostena da. edo Europako Kontu Auzitegiak 2018an egindakoa. Biek ere inbertsioaren eraginkortasuna jarri dute zalantzan.

Horregatik guztiagatik Mugitu mugimenduak dei egin die herritarrei mobilizazioarekin jarraitzera. Euren ustez, desobedientziaren bidetik jarraitu behar da «inoiz baino gehiago», trena «Euskal Herriaren historiako azpiegiturarik xahutzaileen, suntsitzaileena eta antisozialena» baita eta egungo krisi ekologikoa eta ekonomikoa gehiago sakonduko baitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.