Kontu auzitegiak dio AHT lineak Europan ez direla «eraginkorrak»

«Loturarik gabeko mosaiko» bat dira AHTak, txosten baten arabera. Salatu du kostuei eta onurei buruzko azterketarik gabe egiten direla

Abiadura handiko trenak, Paris kanpoaldean. IAN LANGSDON / EFE.
inaki petxarroman
2018ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Europako abiadura handiko trenen (AHT) lineak «mantsoak, garestiak eta ez-eraginkorrak dira», kontu auzitegiak egindako ikerketa baten arabera. Auzitegi horren azterlanak kritika zorrotza egin dio Europako AHT sareari: «Herrialdeen artean gaizki lotutako mosaiko ez-eraginkor bat da sarea, eta ez dauka plan errealistarik epe luzera», adierazi du Oskar Herics kontu auzitegiko kide eta txostenaren arduradunak.

Sei estaturen eta 5.000 kilometroko sarearen inguruko ikerketa egin du auzitegiak. Hau da, Europako Batasunean dauden tren lasterren erdiak hartu dituzte aintzat. Txostenaren egileek ondorioztatu dute Europak ez duela lortuko 2030erako zuen asmoa, hau da, kilometro kopurua hirukoiztea —10.000 kilometro inguru daude gaur egun— eta 30.000 kilometrora iristea.

Alde horretatik, kritikatu dute tren lasterreko linea berriak eraikitzeko erabakia estatu bakoitzeko agintarien irizpide politikoen araberakoa izatea eta, normalean, proiektuen kostuen eta onuren inguruko ikerketarik ez egitea.

Euskal Herriko tren linea bakarra aztertu dute txostenean (euskal Y-a), baina ez oso sakon. Edozein modutan, ez diote aurreikusten etorkizun onik hari ere. Batetik, txosten egileen ustez, proiektuaren eragin eremuan ez dago behar beste erabiltzaile potentzialik, eta halako egitasmoek arrakasta izateko urtean bederatzi milioi erabiltzaile izan behar direla dio txostenak. Bestetik, gaineratu du proiektuek «atzerapen esanguratsua» eta aldaketak izan dituztela dagoeneko. Ildo horretan, gogoratu du Frantziako Gobernuak egungo trenbideak egokitzearen alde egin duela, eta ez duela lehentasunekotzat jo Bordele eta Hendaia arteko tren zatia. Horrek euskal Y-ari eta Espainiako eta Portugalgo loturei kalte egingo diela ohartarazi dute txostenean. Hain zuzen ere, mugaz gaindiko proiektuek estatuentzat lehentasunik ez dutela salatu dute kontu auzitegiko txosten egileek. Ohartarazi dute indarrean jarraitzen dutela 2010ean eginiko beste azterketa batean aipatu zituzten oztopo tekniko eta administratibo bertsuek.

«Garestiak eta mantsoak»

Kontu auzitegiak adierazi du ez direla errespetatzen ari proiektuetan aurreikusitako abiadura. Hau da, egitasmoetan pentsatu baino askoz ere mantsoago ibiltzen direla tren lasterrak Europan, ahal izango luketen abiaduraren %45ean, batez beste.

Halaber, AHT lineak «garestiak» direla nabarmendu du kontu auzitegiak: kilometroko 25 milioi euroko kostua dute Europan. Ildo horretan, uste dute aintzat hartu beharko litzatekeela ohiko trenbideak «zaharberritzeko alternatiba», horrela «milaka milioi euro» aurreztu ahal izango litzatekeelako.

Trenbide azpiegiturak egiten hasten direnetik amaitu arte «atzerapen handiak» izaten direla ohartarazi dute txostenean. «Aztertutakohamar lineetatik bost hamar urte baino gehiago atzeratu dira». Horrekin batera, izandako gainkostuak ere nabarmendu dituzte txosten egileek. 25.100 milioi euroko gainkostua izan dute guztira. Hala ere, gogoratu dute kostu horiek estatu kideen esku geratu direla, Europako erakundeek finantzatzen lagundutako zatiek ezin dutelako gainkosturik izan. Europak 2000. urtetik kofinantzatutako proiektuen ia erdiak (%47) Espainiako Gobernuarenak izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.