Torraren inhabilitazioa

Quim Torra Kataluniako presidentea inhabilitatu du Espainiako Auzitegi Gorenak

Dagoeneko indarrean da inhabilitazioa. Goreneko epaileek aho batez hartu dute erabakia, eta urte eta erdiko inhabilitazioa bete beharko du. Erabaki horrek Kataluniako legealdia amaitzera behartuko du.

Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. /
Quim Torra, Kataluniako Generalitateko presidentea. / Enric Fontcuberta/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi - Gorka Berasategi Otamendi -

2020ko irailak 28

Iazko abenduan Kataluniako Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta Kataluniako presidente Quim Torraren inhabilitazioaren alde egin du. Urte eta erdiz ezingo du kargu publikorik izan, Kataluniako buruzagi politiko eta sozial presoen aldeko pankartak kentzeko Espainiako Hauteskunde Batzordearen agindua ez betetzeagatik. Gorenaren iritziz, Torrak modu «setati eta sendoan» egin zion entzungor Espainiako Hauteskunde Batzordearen aginduari. Erabakiaren arabera, Generalitateko presidentea aske da bere nortasun politikoa islatzen duten adierazpenak egiteko, baina ez hauteskunde prozesuen gardentasuna bermatzeaz arduratzen den erakunde instituzional bati entzungor egiteko. «Ez gara ari aukera politiko baten inguruko ikurrak edo pankartak jartzeaz, horiek hauteskunde garaian erabiltzeaz baizik, Hauteskunde Batzordearen aginduei entzungor eginez».

Presidentearen defentsak auzia Europara eramateko eskaria ere baztertu egin du auzitegiak Fiskaltzaren eta herri akusazioak eskatu bezala. Hala, presidente kargua utzi beharko du Torrak. Epaiak hauteskundeetarako deialdia behartuko du Katalunian. Urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran izango dira bozak, azken orduko ezustekorik ez bada. Bideoanalisia: Arantxa Elizegi Egilegor, BERRIAko Mundua saileko koordinatzailea (jarraitu irakurtzen bideoaren ostean):

Torra bere inhabilitazioari buruz mintzatu zen BERRIAk atzo argitaratu zuen elkarrizketan. Gorenak har zezakeen erabakiari buruz galdetuta, zera adierazi zuen: «Azken hilabeteetan eta urteetan gertatu denak autonomiaren mugak utzi ditu agerian. [Kataluniako] Parlamentuak ezin ditu adosten dituen ebazpenak onartu, 2.850 errepresaliatu ditugu, eta baliteke presidente inhabilitatu bat izatea adierazpen askatasuna defendatzeagatik... Horrek nazioaren jauzi kolektibo baten beharra dakar. Zirt edo zart egin behar da, haustura demokratiko bat egin eta independentzia defendatu».

Zer gerta zitekeen aurreikusiz, JxCek eta ERCk akordioa itxi dute Torra inhabilitatu osterako. Legealdiaren amaiera nola kudeatu hitzartu dute Kataluniako Generalitatea sostengatzen duten bi indar independentistek. Torrak arratsaldeko 16:30 aldera jaso du epaia, eta, beraz, dagoeneko indarrean da inhabilitazioa. Pere Aragones presidenteordeak hartuko du Torraren tokia —funtzio mugatuak izango ditu—, eta gobernuak bere egitekoekin jarraituko du, pandemiaren kudeaketa lehentasun hartuta.

Parlamentuko presidente Roger Torrentek inbestidurarako hautagaitzak aurkezteko epea zabalduko du, Kataluniako Auzitegi Gorenak Torraren kontrako epaia Generalitateari jakinarazten dionean. Hamar egun izango ditu horretarako. Azken orduko aldaketarik ezean, ez da Torraren ordezkorik izango. Hautagairik ez dutela aurkeztuko esana dute indar independentistek, eta gainerako alderdiek ez lukete gehiengorik lortuko. Bi hilabeteko epean ordezko presidenterik izendatzen ez bada, legeak automatikoki bozetara deitzea agintzen du. 54 egun beranduago egin beharko lirateke; hau da, urtarrilaren 31an ala otsailaren lehenengo egunetan izan beharko lirateke.

JxCk eta ERCk lortu dute legealdi amaieran gobernu barruko funtzioak nola banatu adostea, baina ez dago argi erantzun bateratu bat emateko gai izango diren. Bien arteko zatiketa agerikoa izan da azken hilabeteetan, eta herritar independentista askok etsipenez gogoratzen dute nola iazko urrian ez zuten erantzun bateratu bat adostu buruzagi independentisten kontrako epaiari erantzuteko. Kataluniako hainbat hedabidek iragarri dutenez, oraingoz adostu dutena da datozen egunetan Torrak ezohiko agerraldi bat egitea Kataluniako Parlamentuan. CUPek kritikatu egin du JxCren eta ERCren jarrera, eta adierazi du gobernuko bi indarrek uko egin diotela «konfrontazioan oinarritutako erantzun bat» emateari.

ANC eta Omnium Cultural eragile independentistek elkarretaratzeak egitera deitu dute, Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia salatzeko.

Urte eta erdiko auzia

Luze doa estatuko sistema judizialak Torraren aurka abiatutako prozesua. 2019ko martxoaren 11n eman zion lehen agindua Espainiako Hauteskunde Batzordeak Kataluniako presidenteari, esanez Generalitatearen eta harekin lotura duten erakundeen eraikinetatik kentzeko, besteak beste, esteladak, xingola horiak eta bozetara aurkezten den hautagaitzaren batekin bat egiten duten pankartak. Kasu hartan, iazko apirilaren 28ko Espainiako hauteskunde kanpainari eragiten zion debekuak, eraikin publikoek «neutraltasuna» erakutsi behar dutela argudiatuta.

Ordurako, Generalitateko balkoi nagusian zintzilik zegoen Askatasuna preso politiko eta erbesteratuentzat zioen pankarta, xingola hori bat alboan zuela. Hura mezu bera zeraman beste bategatik aldatu zuten, xingola horia zuri batengatik ordezkatuz. Marra gorri bat zeraman hark, adierazpen askatasunaren alde. Gainerako eraikinetan pankarta oro kentzearen aurka ere agertu zen Torra.

Hala, hauteskunde batzordeak fiskaltzaren esku utzi zuen presidenteak desobedientzia delitu bat egin ote zuen ikertzea. Hark Kataluniako Auzitegi Nagusira eraman zuen auzia, eta epaitegiak abenduaren 19an eman zuen haren aurkako epaia: urte eta erdiko inhabilitazioa.

Kataluniako presidenteak, ordea, epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta ordutik Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain egon da, hau da, gaurko ebazpenaren zain.

Bien bitartean, eta epaia irmoa izan gabe, Torrari diputatu kargua kentzearen alde egin zuen Hauteskunde Batzordeak, behin-behineko epai bat horretarako nahikoa zela argudiatuta. Hori baliatuz, PPk, Voxek eta Ciudadanosek diputatu kargua ez ezik presidentearena ere kentzeko eskatu zuten. Izan ere, Kataluniako Parlamentuko legediaren arabera, presidente bilakatzeko ezinbestekoa da parlamentari izatea.

Bigarren auziaren zain

Hori ez da Torraren aurkako epaiketa bakarra. Izan ere, asteazkenean Kataluniako Auzitegi Nagusiko epailearen aurretik pasatu zen, beste desobedientzia delitu bat leporatuta, oraingoan Kataluniako Auzitegi Gorenaren aginduari men ez egiteagatik. Torraren defentsaren arabera, ordea, auzi hori bestearen jarraipena da, ekintza bera egiteagatik ari baitira Torra epaitzen: Generalitatean jarritako pankarta ez kentzea, kasu honetan hauteskunde kanpainatik kanpo. Horrez gain, defentsak adierazi du Kataluniako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien bosgarren salak ez zuela erabaki hura hartzeko eskumenik. Gauzak hala, Kataluniako presidenteak uko egin zion deklaratzeari, independentismoak jasaten duen «errepresioaren biktima» dela argudiatuta.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

PCR probak egten, gaur goizean, Refenan. ©JESUS DIGES / EFE

Nafarroako sarrera-irteerak itxiko ditu gobernuak

Mikel P. Ansa

Lanerako edo arrazoitutako mugimenduak baimenduko dituzte, baina ez bestelakoak. Tabernak eta ostatuak ixteko ere agindu du Nafarroak; etxera eramateko janari-edariak soilik prestatu ahalko dituzte. Jarduera guztiak itxiko dituzte 21:00etan, eta garraio publikoa %50era mugatuko dute. Ostegunean indarrean egongo dira neurriak.

PCR probak egiten, Ordizian, uztailaren hasieran izandako agerraldian ©juan Herrero / EFE

«Transmisio handia» egon arren, Jaurlaritzak baztertu egin du intzidentziarik handieneko herriak ixtea

Irati Urdalleta Lete

Baheketa selektiboak egingo dituzte Ordiziako eta Durangoko 13 eta 40 urte arteko herritarren artean.

Taberna baten barnealdea, Iruñean ©Jesus Diges / EFE

Hego Euskal Herrian 1.123 positibo atzeman dituzte

Berria

Kezka dago Azpeitiko, Azkoitiko, Beasaingo eta Ordiziako egoerarekin, azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.000tik gora positibo izan dituztelako

PCR probak egitek gunea, Donostiako Ospitalean, abuztuan. / ©Idoia Zabaleta, Foku

Jaurlaritzaren neurri berriak beranduenez ostegunean sartuko dira indarrean

Jon Ordoñez Garmendia

Garbiñe Biurrun EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko behin-behineko presidenteak esan du gobernuaren eskaerak lehentasun osoa izango duela. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ere baliteke neurriak zorroztea aste honetan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna