Bizkaiko Foru Aldundia

Rementeriak «garaiz» aurkeztu nahi ditu 2021eko Bizkaiko aurrekontuak

Udalak diruz hornitzeko araua aldatu nahi dute, «adostasunez» eta tokiko erakundeen iritzia kontuan hartuta

Unai Rementeria, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 28a
12:30
Entzun

Bizkaiko Batzar Nagusietako politika orokorrari buruzko osoko bilkura baliatu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak herrialdearen egoeraz gogoeta egiteko eta, bide batez, zenbait neurri berezi iragartzeko. Espero bezala, COVID-19aren pandemiak eta horrek eragindako egoera ekonomiko eta soziala izan dira haren jardunaren gai nagusiak. Rementeriak garrantzi handia eman die 2021. urterako aurrekontuei egoera horri aurre egin ahal izateko, eta esan du saiatuko direla aurrekontu horiek «garaiz» aurkezten, baina aitortu du zailtasunak daudela horretarako eta seguru asko «atzerapenen bat» egon daitekeela.

Rementeriaren ustez, oraindik ere «zalantza eta galdera asko» daude, eta horrek zailtzen du aurrekontuak prestatzeari behar bezala egin ahal izatea. Argitu beharreko zalantza horietako bat da zein izango den Bizkaiak zorpetzeko izango duen ahalmena. «Zorpetzeko tarte hori ezarri ostean, erabakiak hartu beharko ditugu, datuetan oinarrituta», azaldu du. Europako diru laguntzak noiz iritsiko diren ere argitu beharreko beste zalantza garrantzitsu bat da.

Toki Ogasunei Buruzko Foru Araudia aldatu nahi du Rementeriak, hau da, udalak baliabidez hornitzeko sistema berraztertu nahi du, baina «adostasunez» eta udalerrien eta indar politikoen iritzia kontuan hartuko ekin nahi diote eginkizun horri. «Bizkaia da hura osatzen duten 112 udalerrien batuketa, eta guretzat denak dira handiak», zehaztu du. Iragarri du urtea amaitu aurretik lantalde bat osatuko dutela Eudelekin batera gaiari heltzeko.

Beste iragarpen batzuk egin ditu Rementeriak Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Bizkai osoan banda zabala sustatzeko deialdi bat egingo dute aste honetan bertan, eta 10 milioi euro bideratuko dute horretara. Etxetic izeneko programa, menpekotasuna duten pertsonak etxean artatzea helburu duena, herrialde osora hedatu nahi dute.

Zahar etxeei dagokienez, «sare zabal bat» sustatzearen alde agertu da Rementeria. Esan duenez, zahar etxeetako 1.113 egoiliar hil dira Bizkaian koronabirusaren ondorioz. «Adinekoak pertsonarik zaurgarrienak dira, baina ez genuen espero honela egotea, ezta gure amesgaiztorik txarrenetan ere. Badakigu adinekoentzat eta haien senitartekoentzat oso gogorra izaten ari dena», esan du Rementeriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.