Batzar Nagusiak

Olano, autogobernuan «ahalik eta adostasunik handienarekin» sakontzearen alde

Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du euskal gizarteak ez liokeela uko egin behar «etorkizuna erabakitzeko borondateari»

Markel Olano, artxiboko irudi batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko irailaren 29a
13:27
Entzun

Atzo Araban eta Bizkaian egin zuten bezala, Gipuzkoan ere politika orokorreko osoko bilkura egiten ari dira gaur, herrialdearen egoeraz eztabaidatzeko. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano «autogobernuan sakontzen jarraitzearen alde» agertu da, «ahalik eta adostasunik handienarekin eta beharrezkoak diren akordioak bilatuz», baina erantsi du «gehiengoaren borondatea errespetatzeko prest» ez dauden indar politikoek ez luketela «beto eskubiderik» izan beharko, eta euskal gizarteak ez liokeela uko egin behar «bere etorkizuna erabakitzeko borondateari».

Olanoren ustez, Gipuzkoak «suspertze demokratikoa» behar du. Haren esanetan, iraganeko indarkeria giroak «gizartearen desaktibazioa eta desmobilizazioa» ekarri du, eta, horregatik, beharrezko deritzo «herritarrak ahalduntzeari. Halaber, nabarmendu du «autokritika politikaren beharra» dagoela «elkarbizitza demokratikoa» indartzeko.

Gipuzkoako ahaldun nagusiak uste du autogobernuak «ongizate eta bizi kalitate handiagoak» ekarri dituela, eta Gernikako Estatutua onartu zenetik osorik bete ez eta «ahultzeko eta deslegitimatzeko saialdiak» pairatu dituen arren, gaur egun «legitimazio handia» duela eta komunitate berezi bezala garatzeko» aukera sustatu duela.

«Marketin politikoa»

Araban, politika orokorreko osoko bilkuraren saioa egin dute gaur, eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari erantzuteko aukera izan dute oposizioko taldeek. EH Bilduko Kike Fernandez de Pinedok ohartarazi dio Gonzalezi EAJk eta PSE-EEk ezin dutela «bakarrik» kudeatu COVID-19ak sortutako krisia «gehiengo osoa izanik ere», eta «onartezin» iritzi dio osasungintzako langileek «behar bezalako babes neurririk gabe» jardun behar izanari. Elkarrekin Arabako bozeramaile Arantxa Abeciak, berriz, «marketin politikoa» egitea leporatu dio Gonzalezi, eta galdetu dio non egingo dituen murrizketak.

PSE-EEko Jon Nogalesek esan du EAJrekin duten koalizioak «zilegitasun demokratikoa» duela eta «identitatean oinarritutako jarreretatik» aldentzen dela. Oposizioari «gobernabidean inplikatzeko» deia egin dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.