Migrazioa

Moriako kanpalekua «tortura eremu bat» izan dela salatu du ikerketa batek

Grupo de Accion Comunitaria elkarteak Moriako kanpalekuko errefuxiatuen egoera aztertu du. Nabarmendu duenez, Europaren migrazio politikak iheslariak zigortzeko helburua du, eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa da.

Asilo eskatzaile bat, Moriko errefuxiatu gunean, hura erre aurretk. DIMITRIS TOSIDIS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko irailaren 30a
12:33
Entzun

«Moriako errefunxiatuentzako kanpalekua tortura eremu bat izan da, oso-osorik, azken urteetan handik igaro diren milaka asilo eskatzailerentzat». Ondorio argia atera du GAC Grupo de Accion Comunitaria buruko osasunaren eta giza eskubideen arloan aritzen den elkarteak. Moriatik pasatu diren 160 asilo eskatzaileren testigantzak bildu dituzte, eta abenduan argitaratuko den ikerketaren laburpen bat aurreratu dute gaur. Europako migrazio politikek sostengatzen duten torturaren arkitektura izena du txostenak.

Azaldu dutenez, Moriatik pasatu diren iheslariek «inpaktu handia» jasan dute «beren identitateetan», kanpalekuan pairatu dituzten bizi baldintzen ondorioz. «Besteengan konfiantza izateko giza ahalmena» galdu dute, eta «era erradikalean» aldatu zaie munduari buruz zuten ikuspegia. Ikerketaren arabera, Morian bizitzen izan direnentzat bizipen traumatikoenetako bat izan da jasan duten indarkeria baimentzen duten pertsonak daudela jakitea, eta, are gehiago, indarkeria hori era zuzenean beraien kontra gauzatzeko gai diren pertsonak badirela jakitea.

Torturak ez du zertan beti zauri fisikoekin lotuta egon beti, GACen txostenak ohartarazi duenez, «baina norbere barruaren haustura mingarriena dakar, biziaren kontrol galera erabatekoa eragiten duelako, baita eguneroko gauza txikienetan ere».

Ikerlariek ondorioztatu dute Moriako kanpalekuak ez dituela gizakien oinarrizko funtzioak bete ahal izateko baldintzak eskaini. Elkarrizketatuen ia guztiek goseak, ur eskasiak eta lo faltak eragindako sufrimendua pairatu dute, eta ez dute gutxieneko higiene pertsonala zaintzeko modurik izan.

Kanpalekua eraiki zenean, 3.000 pertsona hartzeko pentsatua izan zen, baina 20.000 asilo eskatzaile inguru ere hartu izan ditu. Ondorioz, beharrezko azpiegiturarik gabe eta pilatuta bizi izan dira iheslariak. Ikerketan elkarrizketatutakoen %40k baino gehiagok salatu dute ez dutela bi metro karratuko azalera ere izan berentzat, eta %60k ez dutela une bat bera ere izan bakarrik egoteko. Horrez gain, denek adierazi dute ezin izan direla muturreko tenperaturetatik babestu.

Horrez gain, indarkeria giroa sufritu dutela ere ohartarazi du txostenak; bereziki, emakumeek. Elkarrizketatutako emakemeen %40k baino gehiagok adierazi dute sexu abusuak jasan dituztela, %12,5ek bortxatu egin dituztela eta %13,7k ugaltze indarkeria salatu dute. Indarkeria giroa orokortua dela nabarmendu dute, baina. Elkarrizketatuen bosten batek baino gehiagok umiliazio erasoak jasan dituzte.

Indarkeria horrek itxaropenik eza, mina eta beldurra eragiten dituela nabarmendu du GACek, eta horrek eragin zuzena izan duela asilo eskatzaileen buru osasunean. Hala, elkarrizketatuen %80ek «muturreko izua» izan dute, eta herenek ia une oro edo etengabe dute sentipen hori. Itxaropen falta ohikoa zaie elkarrizketatuen %30i, eta inoiz bere buruaz beste egitea pentsatu izan dute. Hiru elkarrizketatutik batek adierazi du ez dela gai eguneroko jarduera oinarrizkoak egiteko, sentipen horien ondorioz.

Zigor zentzagarria

GACen ikerketak ondorioztatu duenez, Moriako kanpalekua zuzenean dago lotuta Europaren migrazio politikaren helburuekin. Txostenaren esanetan, migrazio politika horrek Europako mugak gurutzatzen dituztenak zigortzea du helburu, beste batzuek bide bera egin ez dezaten, eta Moria horren adibide «agerikoena» dela ziurtatu du.

Elkarteak gogorarazi du «tortura egoera» hori sufritzen dutenak nazioarteko babes bila daotozen pertsonak direla, «beren jaioterrira itzuliz gero erahilak izateko arrisku handian daudelako». Asiloa eskatzeko prozesua nazioarteko zuzenbidean jasota eta hark babestuta dagoela gaineratu du, eta Moriak hura urratzen duela. «Aurrekari arriskutsu bat da».

BERRIA Moriako kanpalekuan bizi ziren eta hura erre ostean uhartean jarraitzen duten zenbait asilo eskatzaileren testigantzak biltzen ari daMoriako erretratuak seriean, Iñaki Agirre kolaboratzailearen eskutik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.