Politika

EAJk eta EH Bilduk Torraren inhabilitazioa arbuiatu dute adierazpen bateratu batean

Joseba Egibarrek (EAJ) eta Maddalen Iriartek (EH Bildu) irakurri dute agiria Eusko Legebiltzarrean. Kataluniako autogobernuaren aurkako «eraso larria» ez ezik, herriaren borondatearen «deslegitimazio» ariketa bat ere izan dela gaitzetsi dute bi taldeek.

Maddalen Iriarte legebiltzarrean hizketan, Joseba Egibar eta Iñigo Urkullu begira dituela. DAVID AGUILAR/ EFE
2020ko urriaren 1a
12:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kataluniako erreferenduma egin zenetik hiru urte bete dira gaur, eta EAJk eta EH Bilduk data baliatu dute Quim Torra Kataluniako presidentearen inhabilitazioa salatzeko Eusko Legebiltzarrean. Bi taldeek adierazpen bat adostu dute Torraren inhabilitazioa arbuiatzeko, eta Joseba Egibar eta Maddalen Iriarte bi taldeetako bozeramaileek eman dute haren berri legebiltzarreko prentsa aretoan. Hiru atal ditu agiriak. Lehen puntuak honela dio: «Arbuioa eta alarma adierazten dugu Quim Torra Generalitateko Presidentearen inhabilitazioa dela eta, Kataluniako autogobernuaren aurkako eraso larria izatez gain, herriaren borondatearen deslegitimazio ariketa bat delako».

Bigarren puntuan, talde sinatzaileek Espainiako botereei eskatu diete bertan behera utz dezatela «zilegi diren aldarrikapen politikoak judizializatzeko estrategia», eta errespeta ditzatela oinarrizko eskubideak, funtsezko askatasunak eta eskubide kolektiboak, «horiek guztiak demokraziaren oinarri» direlako. Azkenik, dei egin dute Kataluniako herriaren «borondate demokratikoaren adierazpena» ahalbidetzera eta haren erabakia errespetatzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.