Kulturgintza

EKT graduondokoak euskal kulturaren egiturak eta espazio emozionalak aztertuko ditu

Zortzigarren edizioa du aurten, eta Joseba Sarrionandia irakasle gonbidatu arituko da. Gaur itxiko da matrikulazio epea.

Aurtengo edizioan hizlari ariko diren kulturgileetako zenbait. BERRIA
itziar ugarte irizar
2020ko urriaren 5a
08:52
Entzun

Transmisioa, ez atzera begira, ezpada gerora. Transmisioa, izateko gogoa ereiten segitzeko bide modura. Izpiritu horrekin jarri zuten abian Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) graduondokoa Mondragon Unibertsitatean, 2007-2008ko ikasturtean. Bi urterik behin egin da ordutik, eta hala heldu da zortzigarren aldira aurten. Ohi duenez, hilean asteburu batez hartuko du leku, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Urriaren 17an hasi eta ekainaren 12ra arte egingo dute aurtengoa. Gaur da izena emateko azken eguna.

Hitzaldi kate baten bidez osatzen du EKTk bere formakuntza eskaintza. Askotariko ahotsak bildu ohi dituzte ikasgelara, diziplina ugaritatik datozen kulturgile, sortzaile, pentsalarienak. Bada, zortzigarren edizio honetan hizlari ariko direnen artean daude, besteak beste, Haizpea Abrisketa, Oscar Alegria, Elisabete Ansa, Eduardo Apodaka, Gaizka Aranguren, Rikardo Arregi, Edurne Azkarate, Harkaitz Cano, Jean Louis Davant, Pello Eltzaburu, Jon Eskisabel, Jon Garaño, Jose Angel Irigarai, Maialen Lujanbio, Ainhoa Urien, Asisko Urmeneta, Zaloa Ipiña, Angel Valdes eta Idoia Zabaleta.

Euren esperientziatik eta ezagutzatik ariko dira, eta ertz ezberdinetatik helduko diote euskal kulturgintzaren gaurko auziei. Aurreko edizioan, familia transmisioa, Kataluniako prozesu independentistan kulturgintzak izandako lekua, Euskaraldia eta beste izan ziren ikasgelara eramandako gaietako batzuk. Aurten, Nekane Goikoetxea eta Iñaki Urruzola graduondokoaren arduradunek azaldu dutenez, «euskal kulturari eusten dioten egituren» nolakotasuna izango dute hizpide. Baina ez hori bakarrik: «Euskaltasunak gaurko hirietan dituen gorpuzkerak ere aztertuko ditugu, euskal kulturaren espazio emozionalak, zinemagintzak ere berariazko lekua hartuko du, euskal kulturan historiak duen lekuaz gogoetatuko dugu...».

Sarrionandia, irakasle gonbidatu

Aurtengo edizioaren beste berezitasun bat Joseba Sarrionandia irakasle gonbidatu ariko dela da. Urruzolaren eta Goikoetxearen esanetan, aspalditik ari dira harekin lankidetzan, eta ekarpen ugari egin izan ditu aurreko ikasturteetan ere. Aurten, irakasle gonbidatu aritzea adostu dute, hots, asteburu guztietan ikasleen eta irakasleen solasaldi eta gogoetak bideratzen parte hartzea. Horrez gainera, haren gidaritzapean bi mintegi egiteko borondatea dutela ere aurreratu dute arduradunek, EKTn aritu diren ikasle ohientzat irekiak. Pandemiarengatik, baina, «moldatu» egin beharko dutela diote. Beharrezkoa balitz, eskolak online moldatzeko prest daudela aipatu dute, baina nabarmendu presentzialaren aldeko apustua egingo dutela.

Hamabost urte dira aurten graduondokoak bideari ekin ziola. Transmisioaren gaineko «hutsune nabarmen bat» antzemanda abiatu zuten, eta, ordutik, askotariko gaiak jorratzeaz gain, «begirada propioa» ezarri nahi izan dute. «Gizartearen, eta, bereziki, euskal kulturgintzaren baitan gertatzen doazen aldaketak berariaz ditugu jopuntu, hots, belaunaldi beteranoen eta berrien arteko kohabitazioa, kasurako. Talkak, eztabaidak eta halakoak beti egoten dira, baina arazo komunak eta egiturazkoak nabarmenak dira gaurdaino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.