Politika

EH Bildurekin aurrekontuak negoziatzea babestu du Zapaterok

Espainiako Gobernuko presidente ohiak uste du EH Bildurekin hitz egiteak «eskuzabaltasun demokratikoa» erakusten duela.

Jose Luis Rodriguez Zapatero, artxiboko irudi batean. MARISCAL/ EFE
2020ko urriaren 5a
11:13
Entzun

EH Bildurekin akordioak lortzearen alde mintzatu da gaur Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohia,Radio Euskadi irrati katean. Zapaterok babestu egin du koalizioarekin aurrekontuen inguruan negoziatzea, «eskuzabaltasun demokratikoa» erakusten duelako. Zapateroren esanetan, norberaren ideologia politikotik harago joan beharra dago eta demokraziak «koherentea» izan behar du: «Demokraziaren printzipio nagusienetako bat izan zen ETAren indarkeria arbuiagarria desagertzen zen unetik, ahots eta iritzi guztiei adierazteko aukera eman ahal izatea».  Hori horrela, Zapaterok uste du iraganari buruz norberak dituen iritziak alde batera utzi egin beharko liratekeela, eta Kongresuan ordezkaritza duten indar politiko guztien artean elkarrizketa sustatu eta akordioak lortu beharko liratekeela. PSOEren barruan EH Bildurekin hitz egitea gaizki ikusten duenik bada, eta haiei ere mezua bidali die Espainiako gobernuburu ohiak: «Koherentzia printzipioa ezarri beharko lukete». Horri lotuta, Zapaterok esan du «demokraziaren arrakastaren isla» dela EH Bilduk gainerako alderdiekin hitz egitea eta akordioak lortzea. Bestalde,  Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarekin 2018an izan zuen bileraz ere galdetu diote Zapaterori, eta hark esan du hartu-eman hark «gogoeta» egiteko balio izan ziola. Ordutik ez du berriro Otegirekin hitz egin, baina ez du baztertu berriro «noizbait»  egitea.

GALi buruz ere galdetu diote Zapaterori. Zehazki galdetu diote ea Espainiako estatuko agintariek barkamena eskatu beharko luketen GALek egindako gerra zikinarengatik. Zapaterok erantzun du GALek egindako ekintzak epaituak izan zirela, eta elkartasuna eta babesa agertu die biktimei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.