Albistea entzun

Atxiloketak

Guardia Zibilak Kepa Arkauz, Ekhiñe Eizagirre eta Imanol Jaio atxilotu ditu

Preso ohiak dira Arkauz eta Eizagirre, eta iheslari ohia Jaio. Espainiako Auzitegi Nazionalak agindu ditu atxiloketak, «helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea» leporatuta, Ertzaintzak 2019an atzemandako «zulo» batekin lotuta. EH Bilduk salatu du «estatu sakonak» eztabaida politikoa «baldintzatu» nahi duela atxiloketokin. Sarek eta EH Baik atxilotuen herrietan mobilizatzera deitu dute.

Ekhiñe Eizagirre atxilotuta eraman duten unea.
Ekhiñe Eizagirre atxilotuta eraman duten unea. Andoni Canellada/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2020ko urriak 5

Guardia Zibilak Kepa Arkauz eta Ekhiñe Eizagirre preso ohiak eta Imanol Jaio iheslari ohia atxilotu ditu gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak agindutako operazio batean. «Helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea» egotzita egin dituzte atxiloketak, Ertzaintzak 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako «zulo» batekin lotuta. Zuloa aurkitu zutenean hamar urte baino gehiago izanen lituzkeela ondorioztatu zuen Poliziak. Bi bidoi ziren atzemandakoak: bertzeak bertze, amonio nitratoa, amonala, detonagailuak, tenporizadoreak eta baskula bat zituzten barnean.

Arrasaten atxilotu izanen lukete Arkauz, Zarautzen Eizagirre, eta Irunen Jaio (Gipuzkoa). Haien etxebizitzak miatzen ari da Guardia Zibila.

Eizagirre 2017ko azaroan utzi zuten aske baldintzapean, Frantziako Estatuan lau urte preso igaro eta Espainiaratu ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz gelditu zen aske, baldintzapean. Arkauz 2017ko irailean utzi zuten libre, espetxean lau urte eginda, hark ere Frantziako Estatuan.

Guardia zibilek Arrasaten atxilotu dute Arkauz. RAUL BOGAJO / FOKU

«Garaiz eta lekuz kanpo»

EH Bilduk atxiloketak salatu ditu: ohartarazi du «garaiz eta lekuz kanpo» daudela eta ez dutela Euskal Herrian «bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzen laguntzen». Koalizio independentistak gogoratu du ia hamar urte igaro direla «ETA erakundeak indarkeria erabiltzeari uko egin zionetik» eta bertze ia bi urte «ETA desagertu zenetik». EH Bilduren ustez, eta testuinguruari erreparatuta, «estatu sakonak» eztabaida politikoa «baldintzatu» eta «bizikidetzaren eraikuntzan aurrerapausoak ematea eragotzi» nahi du atxiloketa horiekin.

Azpimarratu du ez dela horretarako «garaia»: «Espetxeak husteko unea da, ez betetzekoa. Bakea eta elkarbizitza demokratikoan aurrera egiteko garaia da. Estatuak gure herriaren aurka indarkeria erabiltzeari uko egiteko garaia da». «Bizikidetza demokratikoan oinarritutako Euskal Herriaren eraikuntzan aurrera egin nahi duen euskal gizarteari» atxiloketak salatzeko eskatu die EH Bilduk.

«Iraganari loturiko gertakaria»

Sare mugimenduak ere atxiloketak salatu ditu, eta adierazi du «iraganari loturiko gertakaria» dela, «sufrimendua sortu eta mendekatzea baino helburu ez duena». Sarek adierazi du atxiloketak «onartezinak» direla , eta «atzerapausoa» dakartela: «Erabaki honek iraganean ainguratutako justizia baten jokabidea islatzen du, eta azken urteetan euskal jendarteak, hala nola euskal instituzio, eragile, sindikatu eta alderdi politikoek adierazitako konponbide nahia zapuztera dator; auzi honi aterabidea emateko ordua da, ez korapilo berriak sortu eta sufrimendua areagotzekoa». Hiru atxilotuak askatzea galdegin du Sarek, eta mobilizazioetara deitu du atxiloturikoen herrietan: 19:30ean egin dituzte protestak, Zarautzen, Arrasaten eta Abadiñon.

EH Baik Ziburun (Lapurdi) deitu du elkarretaratzera: 19:00etan egin dute, Ziburuko biribilgunean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Nikolas Blain eta Anita Lopepe, Baionan egin duten agerraldian ©Bob Edme

Eskaintza politiko berri bat eratu nahi du EH Baik

Ekhi Erremundegi Beloki

Lehen kongresua eginen du azaroaren 26an. Txosten politikoa eta organizatiboa eztabaidatzen hasiko da ondoko egunetan

Miren Etxebeste eta Victor Lana, Donostian. ©Ahal Dugu.

Miren Etxebestek iragarri du aurkeztuko dela Gipuzkoako Ahal Dugu-ren hautagai izateko primarioetan

Uxue Rey Gorraiz

 Donostiako alkategai izateko, Victor Lasak ere aurkeztu du hautagaitza.

Pello Otxandiano, atzo, Donostian. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Egiturazko neurriak sustatzeko hitzarmen bat proposatu du EH Bilduk

Iosu Alberdi

Ongizate Hitzarmenak hamar neurri jaso ditu: bost «ongizatearen oinarri materialak bermatzeko», eta beste horrenbeste aberastasuna banatzeko

Frantziako armadan sartzera deitzeko publizitate bat, Baionako autobus geltoki batean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Egun bat Frantziako armadan, nahi eta nahi ez

Oihana Teyseyre Koskarat

Iparraldeko 16 eta 25 urteko gazte guziak behartuak dira Frantziako armadarekin edo Jendarmeriarekin egun bat pasatzera. Euskaldunen kontrako diskriminazioa pairatu dute anitzek, «propaganda» egunean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...