EUSKAL PRESOAK

Etxerat-ek salatu du senide batzuek "alferrik" egin zituztela 2.400 kilometro aurreko asteburuan

Baimenak izan arren, ezin izan zituzten beren senide presoak bisitatu, COVID-19arekin kutsatutakoak atzeman zirela-eta bisitak bertan behar utzi baitzituzten Villena eta Soto del Real espetxeek.

Euskal presoen aldeko mobilizazioa bat, abuztuan, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
2020ko urriaren 6a
12:44
Entzun

Etxerat-en iritziz, egoera «jasanezina» da Euskal Herritik urrun dauden presoentzat eta haien senideentzat. Horren erakusle, joan den asteburuan bi familiari gertatutakoa. Euskal presoen senideen elkarteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, bi familia «baimenekin» joan ziren Villenako kartzelara  (Alacant, Herrialde Katalanak) eta Soto del Realekora (Madril, Espainia). Baina, horietara iritsita, adierazi zieten, Etxerat-en arabera, bisitak bertan behera geratu zirela atzemandako COVID-19 kasuengatik. «Alferrik egindako 1.400 eta 1.000 kilometroko bi ibilbide», salatu du euskal presoen senideen elkarteak.

Jakinarazi du, gainera, aurreko asteburuan Soto del Realeko mintzategiak itxi zituztela. «Horrek bertan preso dauden hiru euskal presoekin edozein komunikazio izatea eragotzi du».

Presoen senideen elkartearentzat, «konfinamenduen ondorioek eta COVID-19an positibo emandakoek» eragin dute Espainiako kartzeletan komunikazioak murriztea edo bertan behera uztea. «Egoera onartezina sortu dute etxetik urrun dauden euskal preso politikoentzat eta haien familientzat».

Eta, azken hilabeteetan izandako «lekualdatzeak» gorabehera, zenbakiak plazaratu ditu Etxerat-ek. «Espainiako Estatuan kartzelatutako EPPK-ko 189 presoetatik 180k urruntze egoeran jarraitzen dute, eta egoera horren ondorioak beraiek eta haien familiek jasaten dituzte».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.