‘El Hoyo’ eta ‘La trinchera infinita’, Oscarretarako bidean

Ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko hiru hautagaien artean daude bi euskal ekoizpenak.

'El Hoyo' filmeko fotograma bat.
aitor biain
2020ko urriaren 6a
13:26
Entzun

Oliver Laxeren O que arde filmarekin batera lehiatuko dira El Hoyo eta La trinchera infinita, Oscar sarietan ingelesez besteko filmen atalean Espainia ordezkatzeko. Hala jakinarazi du Espainiako Zinema Akademiak gaur, Madrilen. Orotara, iazko urriaren 1etik aurtengo abenduaren 31ra estreinatu diren edo estreinatzeko bidean diren 58 filmen artean hautatu dituzte: hau da, iaz baino 22 lan gehiago aurkeztu dira lehen aukeraketara aurten. Izan ere, pandemiak atzeratu egin du Oscarretarako bidea, eta, beraz, jakinarazpena atzeratzeaz gain –abuztuan beharko luke–, filmen estreinaldi epea ere luzatzea ekarri du horrek. 

Aurrez ere sari ugari jasoak dira bi euskal ekoizpenak. Galder Gaztelu-Urrutiaren opera prima-k, esaterako, efektu berezirik onenen Goya saria lortu zuen. Sitgsko Zinemaldian (Katalunia) filmik onenaren saria ere jaso zuen, eta baita Torontoko Zinemaldiko Midnight Madness saileko publikoaren saria ere.

Filmak arrakasta handia izan zuen Netflix plataforman ere: ikusle gehien dituzten filmen zerrendako lehen postura iritsi zen munduko herrialde gehienetan, tartean AEBak. Pelikula distopikoa da, zientzia fikziozkoa, eta gizartearen parabola bat du oinarrian. Aktoreen artean, Zorion Egileor, Ivan Massague eta Antonia San Juan daude.

Aitor Arregiren, Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren La trinchera infinita-k berriz, bi Goya sari eskuratu zituen: soinu onenarena eta emakumezko aktore onenarena. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten Moriartikoek pelikula, eta, gidoi onenaren saria eta zuzendari onenarena ez ezik, Irizar eta Feroz sariak eta Fipresci saria ere jaso zituen filmak. Aurtengo zinemaldian, bestalde, EZAE Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearen VI. saria eman zioten. 

36ko gerrako istorio bat kontatzen du filmak, egiazko hainbat kasutan oinarrituta: faxisten kolpearen biharamunean errepresalien beldur etxean ezkutatu eta 33 urtetik gorako itxialdia bizi izan zuen bikote baten istorioa. Belen Cuesta eta Antonio de la Torre aktoreak dira protagonistak

Ez da lehen aldia zuzendari hirukoaren film bat Oscarretarako bidean dela: 2015ean, euskal zinemagintzari ateak ireki zizkion Loreak filmak, eta 2018an Espainia ordezkatzeko hiru hautagaien artean izan zen Handia filma. Lehiatik kanpo geratu ziren biak ala biak, ordea. 

Azaroaren 3an jakinaraziko dute zer lanek ordezkatuko duen Espainia. Horren ondoren, halere, AEBetako zinema akademiaren galbahea pasatu beharko du filmak saria eskuratzeko hautagaien artean egoteko. Oscar sariak otsailaren 28an ziren banatzekoak Los Angelesen, baina, pandemiaren eraginez, apirilaren 25era atzeratzea erabaki zuten. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.