Literatura

Jaio, Astiz eta Asiain saritu dituzte Literaturako Euskadi sarietan

Aitaren etxea, Joemak eta polasak eta Un millón de ostras en lo alto de la montaña lanengatik lortu dituzte literatur sariak.

Karmele Jaio, Iñigo Astiz eta Miren Asiain, gaurko ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko urriaren 7a
11:13
Entzun

Literaturako Euskadi sarien lehen irabazleak aurkeztu ditu gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Artium museoan eginiko agerraldian. Karmele Jaio, Iñigo Astiz eta Miren Asiain dira sarituak. Aitaren etxea (Elkar) nobelagatik lortu du Jaiok euskarazko literaturako saria. Joemak eta Polasak (Elkar) liburuagatik haur eta gazte literaturakoa Astizek, eta Un millón de ostras en lo alto de la montaña (Flamboyant) liburuan egindako lanagatik ilustrazioarena Asiainek. 18.000 euroko saria jasoko du bakoitzak, eta beste 4.000 euro lana beste hizkuntza batera itzultzen bada.

Iaz argitaratu zuen Jaiok Aitaren etxea. Hiru protagonista nagusi ditu eleberriak: aitaren zaintzaz arduratu behar duen gizonezko idazle bat, idazteari utzia dion emakume bat, eta atzerrian bizi den andre bat. Euren bidez, generoak egunerokoan duen eragina eta maskulinitatea eraikitzeko moduak aztertu ditu idazleak. Hala ulertu du epaimahaiak ere. Izan ere, besteak beste, zaintza, eta gizonen eta emakumeen arteko harremanetan sakondu izana eta «heteropatriarkatuari eginiko salaketa» azpimarratu dituzte.

Kazetaria da ikasketaz, eta hainbat hedabidetan kolaboratu izan du; besteak beste, Emakundeko komunikazio arduradun izan zen. Gaur egun, euskaltzaina da. Literatura munduan, 2004an argitaratu zuen bere lehen lana, Hamabost zauri ipuin liburua. Ordutik, beste hainbat narrazio, eleberri eta poesia liburu idatzi ditu; guztietan ezagunena, 2006an plazaratutako Amaren eskuak nobela. Gaurkoan, Jaio bera «pozik» agertu da lortutako sariagatik eta, batez ere, eleberriak izan duen harreragatik. Izan ere, azaldu du hainbatek esan diotela eurek bizi izandakoak eta sentitutakoak ikusi dituztela islatuta.

Iñigo Astiz BERRIAko kazetariak, berriz, Maite Mutuberria ilustratzailearekin batera argitaratu zuen Joemak eta polasak, iazko azaroan. Izenak ulertzera ematen duen moduan, jolasa da poema liburuaren motorra, egileen esanetan. Aurretik, Baita hondakinak ere eta Analfabetoa poema liburuak idatzia da. Azken horrekin, Lauaxeta saria irabazi zuen iaz. Sylvia Plathen Ariel eta beste poema batzuk eta Sandro Pennaren Bilduma bat ere euskaratuak ditu.

Gaurko hirugarren saridunak, Miren Asiainek, lan ugari ilustratu ditu azken urteetan. Besteak beste, iaz argitaratutako Look Up at the Stars eta Desierto de mar y otros poemas liburuen ilustrazioak egin ditu. 2012an, Etxepare saria eskuratu zuen Hara! izeneko albumagatik, eta 2015ean, Ilustrazioaren VI. Katalogo Iberoamerikarra saria. Hemeretzi herrialdetako 788 ilustratzaileren artean hautatu zuten, orduan, Asiainen lana. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.