AEB-etako bozak

Trumpek uko egin dio hauteskunde eztabaida birtual batean parte hartzeari

Mike Pence presidenteordea eta Kamala Harris postu horretarako demokraten hautagaiak sutsu aritu ziren atzo debatean, baina aurreko eztabaidaren garraztasunik gabe.

Donald Trump AEBetako presidentea, joanden asteazkenean, ospitaletik irten eta Etxe Zurira itzuli zen unean. KEN CEDENO / EFE
Edu Lartzanguren - Gorka Berasategi Otamendi
2020ko urriaren 8a
10:23
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak ez du eztabaida birtualik nahi, eta uko egin dio gisa horretako debate batean parte hartzeari.

Hilaren 15erako zegoen aurreikusita haren eta Joe Biden Alderdi Demokratako presidentegaiaren arteko bigarren hauteskunde eztabaida, eta hura antolatzeko ardura duen batzordeak era birtualean egitea proposatu du, joan den ostiralean, Trumpek koronabirusagatik positibo eman ostean. AEBetako presidentea ospitaleratu egin zuten, baina Etxe Zurira itzuli zen asteazkenean; haren mediakuaren arabera, inolako sintomarik gabe.

Trumpek adierazi du ez duela «denborarik galduko» bere aurkaria indartzeko pentsatuta dagoen eztabaida batean.

Izurria protagonista Pence-Harris eztabaidan

Koronabirusaren izurriari aurre egiteko politiken inguruko eztabaida sutsua egin dute AEBetako telebistan azaroko bozetan presidenteorde posturako dauden bi hautagaiek. Demokraten hautagai Kamala Harrisek huts egitea egotzi dio Donald Trump presidenteari. Horrez gain, birusaren hilgarritasunari buruz herritarrak apropos nahastea egotzi dio. «Bazekiten, eta ezkutatu egin zuten», esan du. Presidente baten historiako «hutsegiterik handiena izan da».

Pencek, ordea, izurriari aurre egiteko estrategia propiorik ez izatea leporatu die demokratei, eta Trumpena «kopiatzen» ari direla. «Onartezina da zuek txertoaren inguruko mesfidantza zabaltzea, txerto hori Trumpen agintepean sortzen bada».

Izurria gutxietsi izan du Trumpek hilabete luzez, baina birusak dagoeneko 200.000 pertsona hil ditu AEBetan. Trump bera kutsatu eta gaixotu egin du.

Demokratek presidenterako aurkeztu duten hautagai Joe Biden nagusi da inkestetan, bozetarako 26 egun baino falta ez direnean. Baina lehia estua izango dela uste da.

Eztabaida zibilizatuagoa izan da, joan zen astean Trumpek eta Bidenek egin zutenarekin alderatuta, baina Harrisek eskatu behar izan dio Penceri ez zapaltzeko bere hitza. «Neu ari naiz hitz egiten, presidenteorde jauna, neu ari naiz».

Arrazakeriaren gaia ere mahai gainean egon da, noski, azken hilabeteotan milaka pertsona atera baitira kalera protestan, Poliziak beltzen aurka erabiltzen duen bortizkeria salatzeko. Pencek deitoratu egin du Poliziak George Floyd herritar beltza ito izana. «Baina ez dago ondoren gertaturiko istilu eta arpilaketak zuritzerik», gaineratu du. AEBak arrazistak direla esatea «irain handia» dela adierazi du.

Baina Harrisek gogoratu dio joan zen asteko eztabaidan Trumpek uko egin ziola zuri supremazistak gaitzesteari, hori egiteko zuzenean eskatu bazioten ere.

Trumpen zergen gaia atera du Harrisek. Nabarmendu du Trump milioidunak 750 dolar baino ez duela ordaindu urtean errenta aitorpenean, hau da, 600 euro pasatxo. Pencek Trump «lanpostuak sortzen dituen enpresaburu bat” dela adierazi dio.

Presidenteordeen arteko eztabaidek ez dute eragin handirik edukitzen AEBetako bozen emaitzetan. Horren erakusgarri, pasadizo bat: atzoko eztabaidatik euli bat da izan da mintzagai nagusia sare sozialetan. Penceren buru zuriaren gainean pare bat minutuz jarrita egon da.

«Mozorrotutako bedeinkazioa»

Koronabirusarekin kutsatu izana «mozorrotutako bedeinkazioa» izan dela adierazi zuen, atzo, Donald Trumpek. Berak jaso duen Regeneron izeneko tratamendua gaitzarentzako behin betiko «sendagaia» dela uste du, ospitaleratu eta 24 ordura «oso ondo» sentitu zelako.

Regeneron tratamendua herritar guztiek jaso beharko lukete, presidentearen iritziz. «Herritar guztiek bere presidentearen tratu bera jasotzea nahi dut, oso ondo sentitzen bainaiz. Ezin hobeto. Uste dut jainkoaren bedeinkazioa izan dela kutsatu izana, zeruetako bedeinkazio bat». Trumpek hitzeman du AEBetako Gobernuak «dohainik» banatuko duela tratamendua herritarren artean.

Bestalde, AEBetako presidenteak berriro leporatu dio Txinari pandemiaren ardura. «Txinaren errua izan da. Txinak garesti ordainduko du herrialde honi egin diona, munduari egin diona».

Trump erietxe militar batean ospitaleratu zuten joan den larunbatean, COVID-19agatik positibo eman eta sintomak agertu ostean. Presidentea asteartean itzuli zen Etxe Zuriko bere bulegora, oraindik gaitza kutsatzeko gai den arren. Bere jardunera bueltatuta, birusari beldurrik ez izateko eskatu die herritarrei, eta gripea COVID-19a baino hilgarriagoa dela nabarmendu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.