Sinadura bilketa bat abiatu dute Irati haurra eta gurasoak Zaballako espetxera hurbil ditzaten

Martxoan 3 urte beteko ditu umeak, eta Aranjuezko kartzelan preso dauden gurasoengandik urrunduko dute.

Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformaren agerraldia, gaur, Bilbon. BERRIA
Maite Asensio Lozano.
2020ko urriaren 8a
14:47
Entzun

Espetxe erregimenetan haurren eta haien gurasoen eskubideak bermatuko dituen araudia aplikatzea: horixe eskatu du gaur Irati Gurasoekin Euskal Herrira plataformak, umea gurasoengandik bana ez dezaten. Izan ere, gurasoekin bizi da Irati Aranjuezko kartzelan (Espainia), baina martxoan 3 urte beteko ditu, eta hori da haurrak espetxean edukitzeko adin muga. Hala, gurasoak gerturatzea galdegin dute, eta espetxe araudian horrelako egoeretarako aurreikusita dauden neurriak hartzea: Zaballako kartzelan (Gasteiz) modulu mistoa zabaltzea eta, Euskal Herrian erregimen irekia hedatzeko, espetxeen menpeko etxeak irekitzea. Eskaerok hauspotzeko, sinadura bilketa bat abiatu dute.

Hain justu, hori izan da gaur plataformak Bilbon egin duen agerraldiaren helburua, sinadura bilketari hasiera ematea; kanpainari atxikimendua agertu dioten eragile batzuek bertan sinatu dute, eta beste batzuek sakelako telefonoen bidez izenpetu dute, webgune honetan: http://iratigurasoekin.eus/ 

Katixa Agirre idazleak plataformarentzat ondutako testua irakurrita, gogora ekarri dute «umeak bigarren mailako pertsona gisa» hartzen direla oraindik, eta haurrek «ahotsa altxatu ezin dutelako» urratzen zaizkiela eskubideak: «Umeak bizi daiteke txirrindularik gabe, piszinarik gabe, marrazki bizidunik gabe, musika eskolarik gabe. Gauza gutxi behar ditu ume batek benetan, baina badago bat guztiz beharrezkoa zaiona: gurasoen babesa, maitasuna eta gertutasuna. Iratik bere gurasoekin egoteko beharra dauka. Iratik bere gurasoekin egoteko eskubidea dauka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.