Abaurrearen kontrako «jazarpen juridikoa eta politikoa» salatu du EH Bilduk

Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzelaldia eta kargu publikoa izateko inhabilitazioa eskatu ditu zinegotzi abertzalearen aurka, iazko txupinazoko istiluengatik

Iazko txupinazoko irudia: udaltzainak Joxe Abaurrea (EH Bildu) eta Itziar Gomez (Geroa Bai) balkoitik bultzaka ateratzen, ikurrina zintzilikatu ez dezan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
2020ko urriaren 9a
13:21
Entzun

EH Bilduko legebiltzarkide Bakartxo Ruizek salatu du Navarra Sumak «jazarpen juridikoa eta politikoa» abiatu duela koalizio abertzaleak Iruñeko Udalean duen zinegotzi Joxe Abaurrearen kontra. Navarra Sumak du aginte makila Iruñeko Udalean, eta salaketa jarri du Abaurrearen aurka, iazko sanferminetako txupinazoan udaletxeko balkoian gertatutako istiluengatik. Egun hartan, zinegotzi abertzaleak saiatu ziren ikurrin bat balkoira ateratzen, baina udaltzainek galarazi egin zieten. Bultzaka eta kolpeka aterararazi zituzten Abaurrea eta Maider Beloki (EH Bildu) eta baita Itziar Gomez ere (Geroa Bai). Hala ere, udaltzainek eginiko txostenean irakur daiteke Abaurrea izan zela udaltzainei oldartu zitzaiena «kolpeka, ostikoka eta hozka eginez», eta «zauriak» eragin zizkiela agente bati eta Carmen Alba Navarra Sumako zinegotziari. Txosten horretan oinarrituta, 30 hilabeteko kartzelaldia eta kargu publikoa izateko inhabilitazioa eskatu ditu Fiskaltzak, Abaurrearen aurka.

Gaur goizean eginiko agerraldian, Ruizek «babes osoa» adierazi die Abaurreari eta EH Bilduk Iruñeko Udalean duen talde osoari, eta Navarra Sumari egotzi dio «konfrontazio politikoa» lortu nahi izatea, «kudeaketa gaitasunik eza estaltzeko». Parlamentariaren esanetan, UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatutako koalizioa «ez da gai proiektuak aurrera ateratzeko, ezta Nafarroako Parlamentuan dituen ordezkari guztiekin ere». Hori dela eta, «gabeziak estali nahi dituzte, esparru politikoa asaldatuz».

Abaurrearen aurkako jazarpenak «oinarri politikoa» duela gaineratu du Ruizek, EH Bilduk Iruñeko udalbatzan egiten duen jarduna oztopatzeko: «Navarra Sumak epaitegietan lortu nahi du politikoki lortu ezin duena, eta iraganeko garai ilunetara eraman nahi gaitu». Larritzat jo du, halaber, erabaki politikoak «auzitegien bidez baldintzatu» nahi izatea: «Egoera hau saihets genezakeen, EH Bilduk aurkeztu baitzuen bitartekaritza prozesu bat, baina Navarra Sumak uko egin zion».

Ikurrina eta euskara

Bakartxo Ruizek esan du, gainera, EH Bilduren lana «deserosoa» dela eskuin espainiazalearentzat, eta horretan segitzeko asmoa agertu du: «EH Bildu deserosoa da ikurrina gustuko ez eta debekatu nahi dutenentzat, euskaldunen eskubideak zanpatu nahi dituztenentzat eta baita pandemia honek eragindako krisia betikoek ordaintzen segitzea nahi duten horientzat».

Hain zuzen, parlamentariak «arduragabetzat» jo du, izurri garaian, Iruñeko Udalaren baliabideak «konfrontazioan xahutzea, herritarren beharrak eta pandemiaren ondorioak lehenetsi ordez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.