EUSKAL PRESOAK

Lau preso hurbilduko dituzte, eta bertze bi Madrilera mugitu

Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, Antton Troitiño, Mikel Arrieta, Andoni Otegi eta Aitzol Maurtua Soriara, Dueñasera eta Logroñora hurbilduko dituzte. Victor Franco eta Agustin Almaraz, berriz, Andaluziatik Madrilera mugituko dituzte.

Presoen aldeko protesta bat, irailean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 13a
15:35
Entzun

Bertze sei mugimendu iragarri dituzte Espainiako Espetxe Erakundeek: lau preso Euskal Herritik 250 kilometroko distantziara hurbilduko dituzte, eta bertze bi Andaluziatik Madril ingurura mugituko dituzte. Antton Troitiño, Mikel Arrieta, Aitzol Maurtua eta Andoni Otegi dira gerturatuko dituztenak: Troitiño Estremerako espetxetik (Madril) Soriara eramanen dute, Mikel Arrieta Algecirastik (Andaluzia) Soriara, Andoni Otegi Almeriatik (Andaluzia) Logroñora eta Aitzol Maurtua Huelvatik (Andaluzia) Dueñasera (Palencia).

Madril aldera mugituko dituzten presoak Victor Franco eta Agustin Almaraz dira. Huelvako (Andaluzia) espetxean dago; Franco, eta Puerto de Santamarian Almaraz (Cadiz, Andaluzia). Estremerako espetxera eramanen dituzte biak.

ETAko kide izatea egotzita daude guztiak espetxean.

Espetxe legedia onartuta

Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, kartzelako legedia onartu dute presoek, eta gehienek beteak dituzte zigorraren hiru laurdenak. Troitiñok maiatzean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak, eta Espetxe Erakundeen arabera, lehen graduan segituko du, baina 100.2 artikulua ezarriko diote. Bortz urte eta 11 hilabeteko zigorra du, ETAko kide izatea leporatuta: 2017tik dago preso. Almarazek 2014an bete zituen zigorraren hiru laurdenak —1995etik dago preso, eta 30 urteko zigorra du, hainbat hilketa egotzita—.

Arrietak uztailean bete zituen hiru laurdenak: hura ere 30 urteko zigorra betetzen ari da, hilketak egotzita. Maurtua 2002tik dago espetxean, eta 20 urteko zigorra du, ETAko kide izatea eta lehergaiak edukitzea leporatuta. Francok 2017ko azaroan bete zituen zigorraren hiru laurdenak —20 urteko zigorra betetzen ari da—. Otegik 2031n beteko lituzke kondenaren hiru laurdenak: hainbat atentatu eta Jose Ramon Rekalde Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Justizia sailburu ohiaren hilketa saiakera leporatuta dago espetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.