Presoak

Espetxe Zaintzaren «kudeaketa oso eskasa» dela salatu dute Nafarroan

Etxerat-ek, Salhaketak, Sarek eta Altsasuko Gurasoek kritikatu dute pandemian murriztu egin zaizkiela eskubideak, konfinamenduan zein ondorengo hilabeteetan, Iruñeko espetxean diren 264 presoei zein Nafarroatik kanpo diren 184ei.

Antton Ramirez de Alda (Altsasuko Gurasoak), Mikel Mundiñano (Nafarroako Sare), Gorka Garcia (Etxerat) eta Paz Frances (Salhaketa),. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko urriaren 14a
12:45
Entzun

Konfinamenduan kartzelak itxi ziren, eta egungo egoeran komunikazioak eta jarduerak murriztu dira, eta bakartzea erabiltzen da osasun neurri gisa. Iruñeko espetxean, kasurako, presoei ez zaie maskararik banatu, eta funtzionarioen artean hainbatek ez dute erabiltzen. Etxerat-ek, Salhaketak, Sarek eta Altsasuko Gurasoek Nafarroako Gobernuari eskatu diote espetxeetako osasunaren ardura hartzeko, eta Espainiako Espetxe Zaintzari, presoen eskubideak errespetatzeko, «kudeaketa oso eskasa» izan baita.

Lau erakundeok #SOSpresoakCovid-19 agiria kaleratu zuten apirilean, konfinamenduak espetxeetan izandako ondorioak kritikatuz. Maiatzaren erdialdean espetxeetako ateak berriro irekitzen hasi baziren ere, egoera ez da hobetu. Gaur, egoerari buruzko agerraldia egin dute.

Iruñeko espetxeko egoera

Iraileko azken datuen arabera, Iruñeko espetxean 264 preso daude (apirilean 307 zeuden). Maiatzaren erdialdean hasi ziren irteteko baimenak ematen, itzultzean hamalau eguneko bakartzea onartzeko konpromisoarekin. Egun, Espetxe Zaintzaren agiri baten arabera, bakartzea soilik COVID-19arekin lotutako arriskuekin bete behar da, baina, egiazki, sistematikoki egiten da. Presoek bakartzea ziegan egiten dute, eta ez osasun eremu batean. «Ez dago irizpide finkorik. Batzuek bi egun egiten dituzte, eta beste batzuek, hamar», azaldu du Libertad Francesek, Salhaketako ordezkariak.

Erakundeon arabera, oso zaila da espetxe barruko informazioa izatea, baina, jakin dutenaren arabera, ez da segurtasun neurririk betetzen. Francesen arabera, presoen artean ez da maskararik banatu, eta hainbat funtzionariok ere ez dute erabiltzen. Maskara bisean biseko komunikazioetarako soilik ematen zaie presoei, eta maskara bakar hori hamar egunetarako izaten da (abuztu erdialdetik, baina, bisean biseko komunikazioak etenda daude).

Halaber, mediku gabezia dagoela salatu dute. Pandemia hasi zenean, Nafarroako Gobernuak orduka kontratatutako mediku bat soilik zegoen: oraintxe bertan hiru mediku daude, baina «eurek ere aldarrikatzen dute ez dela nahikoa», Francesen arabera. «Osasun krisia etorri aurretik ere espetxe guztietan mediku defizit handia zegoen».

Egun, azaldu dutenez, kristaleko komunikazio bidez dute harremana presoek euren senideekin eta lagunekin. Bisean biseko komunikazioei berrekin arren, abuztu erdialdera eten ziren, eta hala jarraitzen dute Iruñean. Espetxe Zaintzako zuzendaritzak webgunean iragartzen du bideo deiak egiteko aukera eman dutela, baina, lau erakundeon arabera, «Iruñean bideo deiak egiteari utzi zitzaion kristal arteko komunikazioak berrezarri zirenean». Datu gisa, adierazi dute espetxe zaintzak komunikazioak errazteko sakelakoak banatzeko asmoa adierazi zuela: Espainiar estatuan diren 50.000 presoren artean 200 sakelako banatu ditu.

Bi preso hil dira 

Barruko jarduerak ere eten egin direla salatu dute erakundeok, eta horietako batzuk oso garrantzitsuak direla deritzote. Adibidez, hezkuntza etenda dago, eta droga menpekotasunaren zein buruko osasunaren tratamendua ere bai. Libertad Francesek jakinarazi du hilabeteotan bi preso hil egin direla Iruñean, «nahiz eta ez den albiste izan». Horri gaineratu behar zaio Zaballan, adibidez, urte hasieratik lau preso hil direla.

Nafarroatik kanpo, 184 preso nafar daude 42 kartzeletan banatuta. Horietatik 33tan ez dago bisean biseko komunikaziorik, eta zortzitan, aldiz, bai. Etxerat-eko Gorka Garciak nabarmendu du preso horien egoera hobetu egingo litzatekeela baldin eta gertuko kartzeletara hurreratuko balituzte.

Gaurko agerraldian gogorarazi dute nazioarteko erakundeek gomendatzen dutela presoen eskubideak errespetatuko dituzten neurriak hartzeko, baina, lau erakundeon arabera, Espetxe Zaintzak kartzelak ixteko eta eskubideak urratzeko bidea hartu dute Espainian. Beste alternatibak badirela gogorarazi dute, eta Nafarroako Gobernuari eskatu diote osasun arloko eskumenak hartzeko kartzelatan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.