JAURLARITZA

Estatutua eguneratzea aurreikusten ez duen gobernu programa bat aurkeztu du Jaurlaritzak

2016ko gobernu programan, Jaurlaritzak berariaz lehentasunen artean sartu zituen Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoaren eskumenen transferentzia. Orain, ez dira lehentasunen artean ageri.

Iñigo Urkullu, Eusko Legebiltzarrean. IREKIA
jon olano
2020ko urriaren 14a
15:50
Entzun

Eusko Jaurlaritzak atzo aurkeztu zuen 2020-2024 legealdirako gobernu programa, eta hura Eusko Legebiltzarraren esku utzi eta gero egin da publiko. 131 orrialdeko dokumentu batean jaso ditu datozen lau urteetarako asmoak: hamar helburu eta 149 konpromiso.

Horien artean nabarmendu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoaren autogobernuaren atalak izan duen bilakaera. Duela lau urte, EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuak propio jasotzen zuen "estatutu ituna eguneratzeko" konpromisoa, eta, besteak beste, legebiltzarreko batzorde txostengilearekin "lankidetzan" aritzeko asmoa azaldu zuen itun hori eguneratzeko. "Eusko Jaurlaritza, PNVren eta PSEren artean lortutako gobernu akordioarekin bat etorrita, autogobernuaren batzorde txostengilearen esanetara jarriko du, eskatu beste informazio, aipatutako batzordearen helburuak betetze aldera", erantsi zuen 2016ko dokumentuan, eta hala egin izan du azken legealdian, zenbait dokumentu Autogobernu Lantaldearen esku utzita.

Haatik, estatutua eguneratzeko asmoei ez zaie erreferentziarik egiten 2020-2024 aldirako programan, azken zortzi urteetan gaiak gobernu programetan izandako lekua galduta. Autogobernuaren alorrean, "lortutako autogobernuaren defentsa" egingo du Jaurlaritzak, eta berriro ere jaso du 1979ko estatututik transferitzeke dauden eskumenen zerrenda.

Hor bada ñabardura bat. 2016ko agirian, zerrenda osoa sartzeaz gain, bi eskumen eskualdatzeari lehentasuna eman zien Jaurlaritzak: espetxe eskumenari eta Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoari. Orain, Jaurlaritzak giza eskubideen atalera eraman du eskumen horren transferentzia lortzeko helburua. Gainera, espetxe eskumenaren atalean, euskal presoak euren "familia ingurunetik hurbilago dauden espetxeetara lekuz aldatzea" babestuko du gobernuak, "[Espainiako] Konstituzioak eta espetxe legeriak orientatutako terminoetan".

Gizarte Segurantzaren transferentzia, berriz, ez du espresuki aipatu, eta gaiaren inguruko "azterlanak abiatzea" izango da egitekoa.

Eskola publikoa, "funtsezkoa"

Oro har, duela lau urteko programan baino bost helburu gutxiago zehaztu ditu Jaurlaritzak -hamabostetik hamarrera-, eta, horietan, aurreko helburu batzuei eusten die gobernuak: langabezia tasa %10etik behera jaistea, esaterako.

Beste atal batzuei dagokienez, hezkuntzan esaterako, Jaurlaritzak Hezkuntzaren Lege bat onestea jarri du xede, "eskola publikoaren funtsezko papera eta izaera laikoa aitortu eta sustatzeko eta aukera berdintasuna bultzatzeko irakaskuntza maila guztietan ikasteko, pertsonen bizitokia, egoera pertsonala, soziokulturala eta ekonomikoa edo eskolatuta dauden zentroa gorabehera, hezkuntza zentro guztien bikaintasuna bilatuz".

Azpiegituren arloan, Jaurlaritzak 34. konpromisoan jaso du euskal Y-a amaitzea Donostian, Irun, Ezkio (Gipuzkoa), Bilbo eta Gasteizko estazioak eraikita, eta Donostiako metroaren obrak amaitzea.

Hondakinen eremuan, berriz, gobernuak 131. konpromisoan jaso duenez, "arriskutsuak ez diren hondakin industrialen gaikako bilketarako, karakterizaziorako, biltegiratzeko eta balorizaziorako kudeaketa publikoko zentro bat abian jartzea sustatuko" du, "puntako zentro europar bat izan dadin".

Aurrez iragarri bezala, Jaurlaritzak gobernu programan jaso du legealdian osasun arloko 4.000 langile kontratatzeko asmoa. Dokumentuaren arabera, horiei "hautaketa edota promozio prozesu eredu berriak" ezarriko dizkiete, "Eusko Legebiltzarrak onetsitako eta proposatutako neurriak gehituz, gardentasuna, justizia eta zuzentasuna bermatze aldera".

"Uko egitea"

EH Bilduko bozeramaile Maddalen Iriartek kritika egin dio Jaurlaritzari, gobernu programan estatus berriaren inguruko aipamenik egiten ez duela-eta. “Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako estatus politiko berri bat lortzeari uko egitea” egotzi die Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari zein EAJri: “Ez dugu ulertzen estatus berriari uko egitea, gai hori EAJk eta Urkulluk urteetan defendatu duten oinarrietako bat izan denean, kontsulta habilitantea bezala, baina hori ere baztertu zuten”.

Gernikako Estatutua "osorik betetzearekin konformatzea" leporatu dio Iriartek Urkulluri: "Baina gaur egun pentsaezina da 40 urte dituen lege hori nahikoa izango dela herri honek aurrean dituen erronkei erantzuteko”. Bada, Iriarteren hitzetan, “EAJk eta Urkulluk euskal herritarrei azaldu behar diete zergatik erabaki duten burujabetzaren bidea alde batera uztea, zergatik estatus berria ez den orain beharrezkoa herri honen interes politiko, ekonomiko eta sozialak babesteko”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.