Kubati eta Latasa errugabetzat jo dituzte 1986ko bi guardia zibilen hilketaren auzian

Antton Lopez Ruiz eta Jose Miguel Latasa Getaria preso ohien aurkako «froga zuzenik» ez dagoela adierazi du Espainiako Auzitegiak. Joan zen astean epaitu zituzten.

Latasa Getaria, joan zen asteko epaiketaren une batean. ESPAINIAKO AUZITEGIA
Edu Lartzanguren.
2020ko urriaren 15a
13:07
Entzun

Antton Lopez Ruiz Kubati eta Jose Miguel Latasa Getaria preso ohiak epaitu zituzten joan zen astean Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1986an Aretxabaletan (Gipuzkoa) izandako atentatu batean parte hartu zutelakoan. Eraso hartan bi guardia zibil hil zituen ETAk. Gaur heldu da epaia: bi akusatuak errugabetzat jo ditu auzitegiak, haien kontrako «froga zuzenik» ez dagoela argudiatuta.

Epaileek adierazi dutenez, akusatuen kontrako froga bakarra erasoan erabilitako PVCzko hodi batzuetan haien hatz markak agertu izana da. Ez dago, haatik, «beste zantzurik, eta are gutxiago froga zuzenik» esateko ezen Kubatik eta Latasak, hodiak ukitzeaz gain, erasoan parte hartu zutela. Izan ere, ez zuten topatu haien hatz markarik erasoan erabili baina lehertu ez ziren lehergailu batzuetan. Hori «bitxia» dela adierazi dute epaileek. Gainera, nabarmendu dute akusatuei zigorra jarri zaiela uztailaren 25eko gau berean beste eraso batean parte hartzeagatik, Guardia Zibilak Ordizian zuen kuartelaren kontrako eraso batean.

Lopezek eta Latasak epaiketan azaldu zuten ez zutela parte hartu Aretxabaletako atentatuan; bai, ordea, Ordiziakoan. Bi guardia zibil zauritu zituzten horretan.

Fiskalak 66 urteko zigorrak eskatzen zituen akusatuan aurka.

Epaiketan, Lopezek ETAren biktimen «oinaze handia» aitortu zuen, eta erantsi zuen bere buruarekin «bakean» dagoela. «Ez dut ezer erantzuteko beldurrik. Zuri eta biktimen abokatuei erantzuten dizuet errespetuagatik, beste fase batean gaudelako eta koherenteak izan behar dugulako».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.