Eva Ferreirak nabarmendu du EHU «plurala» dela, eta bere lantaldeak hori ordezkatzen duela

Zazpi gizonezko eta sei emakumezko daude EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregaiaren lantaldean.

Eva Ferreira, pasa den ostiralean, hautagaitza aurkeztu zuenean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 16a
14:48
Entzun

Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen errektoregaiak bere lantaldea aurkeztu du, gaur, Bilbon. Nabarmendu du EHU «plurala» dela, eta bere lantaldeak, hain zuzen, pluraltasun hori ordezkatzen duela. Hiru campusetako (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) katedradunak, doktoreak, irakasleak edo, besteak beste, ikerlariak daude hamahiru pertsonaz osatutako taldean: zazpi gizonezko eta sei emakumezko. «Zientzia hutsetako jendea dago, baita humanitateetakoa ere. Eskarmentu handia dutenak, gazteagoak... Pixka bat denetik; hain zuzen, hori gara unibertsitate honetan», adierazi du Ferreirak.

Datorren azaroaren 26ko hauteskundeetan errektore aukeratzen baldin badute —oraingoz, harena da hautagaitza bakarra, eta ez da espero besterik izatea—, EHUren idazkari nagusia Aitor Zurimendi izango da. Merkataritza Zuzenbideko katedraduna da Bilboko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Arabako Campuseko errektoreorde izateko hautagaia da Manoli Igartua Farmazia eta Farmazia Teknologiako Katedraduna; Bizkaiko Campuseko errektoreorde izateko hautagaia Gorka Moreno Soziologiako doktorea eta Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendari ohia da (2011-2019); eta Gipuzkoako campuseko errektoreorde kargua Agustin Erkizia Ekonomia eta Enpresa Zientzietako doktoreak hartuko du, Ferreirak bozak irabazten baditu.

Nekane Balluerka ordezkatzeko hautagai bakarrak esan du aurkeztuko duen programa lantzen ari direla oraindik. Aurreratu du, ordea, «internazionalizazioa eta erantzukizun soziala» izango dituela ardatz, eta horrek helburu izango dituela «garapen jasangarria», ikasleen parte hartzea, «hobeto eta gehiago irakastea eta ikertzea», eta gizarteari jakinaraztea zein lan egiten den unibertsitate publikoan. Azpimarratu du, halere, epe motzera «lehentasuna» dela COVID-19ak eragindako pandemia kudeatzea.

Azken urteetako errektoreen ildo berekoa izango da haren Ferreiraren proiektua, lantalde horietan jardun izan baitu: 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia. Azken urteetan Unibasq erakundeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.