EHUren «engranajea ahalik eta onena izatea» jarri du xede Eva Ferreirak

Euskal Herriko Unibertsitateko errektoregai izango dela baieztatu du. Azaroaren 26an egingo dira bozak: oraingoz hautagaitza bakarra da

Eva Ferreira, atzo, Bilbon egindako agerraldian. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2020ko urriaren 10a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izaten saiatuko dela iragarri du Eva Ferreirak. Taldea osatzen ari zela aurreratu zuen BERRIAk orain bi aste, eta agerraldia egin zuen atzo Bilbon, ofizialki jakinarazteko. «EHUko komunitatearekiko konfiantzak bultzatuta» egin du urratsa. Egitasmoari eta lantaldeari buruzko xehetasunik ez zuen eman, baina nabarmendu zuen ondo ezagutzen dituela EHU eta haren funtzionamendua: «Pieza oso onak ditugu, eta nire helburua da engranajea ahalik eta onena izatea: ondo dabilena egiten jarraitzea, eta nahi dugun mailan funtzionatzen ez duena hobetzen saiatzea».

Azaroaren 26an egingo dituzte EHUko hauteskundeak; momentuz, Ferreirarena da hautagaitza bakarra, eta ez da espero besterik izatea. Azken urteetako errektoreen ildo berekoa izango da haren proiektua, lantalde horietan jardun izan baita errektoregaia: 2004-2008 artean, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore zela, Akademia Antolakuntza eta Koordinazioko errektoreorde izan zen Ferreira, eta, ondoren, Iñaki Goirizelaiaren agintaldian, idazkari nagusia. Azken urteetan Unibasq erakundeko zuzendaria izan da, EAEko unibertsitateetako kalitate agentziako zuzendaria, baina joan den urrian utzi zuen postua.

Ferreira Barakaldon (Bizkaia) jaioa da, 1963an; Ekonomia Aplikatuko katedraduna da EHUn, eta, besteak beste, ikergai izan ditu genero arrakala eta emakumeen kristalezko sabaia. Ingelesez eta gaztelaniaz garatu du ikerketa ibilbidea, eta azken urteetan ikasi du euskara. Gaztelaniaz erraztasun handiagoz mintzo den arren, elebitan irakurri zuen atzoko mezua, euskaraz eta gaztelaniaz, edukirik errepikatu gabe. Eta Immanuel Kant filosofoaren aipu batekin abiatu zuen hitzaldia: «Giza adimena ziurgabetasuna kudeatzeko gaitasunaren arabera neurtzen da».

Izan ere, bozak irabaziz gero, pandemia garaia kudeatzen segitzea egokituko zaio Ferreirari. Aitortu du osasun krisia «azken hamarkadetako esperientziarik zail eta gogorrenetako bat» dela, baina nabarmendu du EHU aurrera egiten ari dela, unibertsitate komunitatearen lanari esker: «Eguzkia ateratzen denean garbiketa lanak hasten dituztenen lanari esker, administrazio eta zerbitzuetako langileen eguneroko lanari esker, irakasle eta ikertzaileen lanari esker, zuzendaritza taldeen lanari esker eta ikasle bakoitzaren erantzukidetasunari esker. EHU erakusten ari da aldeko egoeretan oso ona dela, baina egoera txarretan, are hobea».

Era berean, bere ibilbidea aipatu du, goi ikasketen publikotasunaren garrantzia azpimarratzeko: «Galiziar immigranteen alaba eta familia ugariko kidea naiz: merkatuko prezioan ikastea ez zen aukera bat gure etxean. Baina EHUn matematika ikasteko aukera izan nuen, eta, ondoren, arloko institutu ospetsuenetako batean master bat egitekoa. Han ohartu nintzen zein prestakuntza ona jaso nuen». Erronka sozialei ere erreparatu die: «Garapen iraunkorreko helburuek eta 2030 agendak xede berri bat eransten dute gure unibertsitatean: euskara eta euskal kultura bultzatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.