Aguraingo herriaren «kriminalizazo sistematikoa» salatu dute

Aguraingo (Araba)  dozenaka herritarrek agerraldia egin dute gaur herriko taberna, gastronomia elkarte eta herritarren kontrako «erabat logikaz kanpo dagoen etengabeko polizia jazarpena» salatzeko.

Aguraingo herritarrek gaur egindako agerraldia. AGURAINGO EH BILDU
Edurne Begiristain.
2020ko urriaren 16a
21:05
Entzun

Dozenaka herritar batu dira gaur Agurainen (Araba), Agurain Zaintzen Dugu lelopean, herriaren «kriminalizazio sistematikoa» salatzeko. Adierazi dutenez, bertako tabernak, gastronomia elkarteak eta herritarrak «erabat logikaz kanpo dagoen polizia jazarpena» pairatzen ari dira, «isunak, neurri gabeko polizia operazioak eta atxiloketak barne». Haien esanetan ez dago arrazoirik horrelako jokabideetarako, pandemia hasieratik «portaera ezin hobea» erakutsi dutelako herritarrek. Salaketa gisa, herriko saltoki eta establezimendu gehienek ordu erdiz itxi dute, agerraldiarekin bat egiteko.

«Desproportzio hori justifikatzeko, errealitatetik guztiz urrun dauden bertsio ofizial eta mediatikoak ematen dira, azken egunotan ikusi ahal izan dugun bezala», adierazi dute. Ildo horretan, Aguraingo ez-jaietan izandako gertakariak gogoan izan dituzte: bi pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak «desordena publikoak» leporatuta.

Agerraldian Aguraingo Udalbatzari eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailari galdegin diezaiola mekanismoak jar ditzala herrian pairatzen ari diren «polizia jazarpena» bertan behera uzteko. Halaber, azken asteetako gertaeren inguruko bertsio ofizialak gezurtatu ditzala eta Aguraingo herritarren defentsa aktiboa egiteko galdegin diote. Azkenik, aguraindarrek pandemiaren aurrean izandako portaera «ezin hobea» publikoki aitortu dezala, eta kaltetutako aguraindarrei elkartasuna adierazi diezaiela eskatu diote udalari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.