'Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala' prozesua hasi du Foro Sozialak

Lortzeke dauden «erronkez» eta askatu beharreko «korapiloez» hausnartzea izango du asmo

Foro Sozialak gaur aurkeztu du prozesua. JON URBE / FOKU
Igor Susaeta.
2020ko urriaren 17a
14:57
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko konpromiso soziala prozesua hasi du. Plataformako zenbait kidek Aieteko jauregian (Donostia) aurkeztu dute ekinbidea, eta nabarmendu oraindik lortzeke dauden «erronkez» eta askatu beharrezko «korapiloez» hausnartzea izango duela asmo. Dinamikaren «helburu nagusia» izango da «indarkeria zikloa ez errepikatzeko bermeen oinarri sendoak ezartzea». Hurrengo hilabeteetan jarriko dituzte martxan «lan ildoak», eta horiek ekarriko dute, Eneko Calle dinamikaren bozeramaileetako batek —Mikel Casado da bestea— azaldu duenez, «debate eta hausnarketarako espazioa eratzea, bilera publikoak egitea euskal gizarteko entitate eta elkarteekin, erreferenteak diren pertsonen ekarpenak jasotzea, konferentzia publikoak antolatzea, baita buzoi publiko zabaltzea ere», besteak beste.

Nahi dute prozesua «dinamikoa, eraginkorra eta parte hartzailea» izatea, eta, horretarako, garatzen ari den bitartean «ebaluatu» egingo dute, baita «moldatu» ere, beharrezkoa izango balitz. Prozesuari berari ez diote epe mugarik jarri, baina Callek zehaztu du «aurrerapenen aurkezpen bat» egingo dutela 2021eko maiatzaren 16an, bizikidetza baketsuaren nazioarteko egunean, hain zuzen.

Eta Aieten, eta gaur, hain zuzen, aurkeztu dute prozesua, duela bederatzi urte gaurko egunez Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia egin zutelako. Orduan  Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem Brundtland, Pierre Joxe, Gerry Adams  eta Jonathan Powellek sinatutako adierazpenak ekarri zuen, Nekane Altzelai Foro Sozialaren bozeramaileetako batek —Agus Hernan da bestea— gaur esan duenez, «ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera». Hain zuzen, hiru egun geroago, 2011ko urriaren 20an jakinarazi zuen bukatutzat ematen zuela jarduera armatua.

Orduz geroztik, Altzelairen esanetan, «imajinatu ezinak ziren adostasun instituzional, politiko, sindikalak eta sozialak» lortu dira. Baina iruditzen zaio ez dela «erlaxatzea» komeni, eta oraindik ezin direla ziurtzat jo indarkeria ez errepikatzeko bermeak. Horregatik, «hauteskunderik gabeko» hurrengo hiru urteetan «erabakitasunez hiru korapiloak ebaztera» deitu du. Lehen korapiloa da «biktimen auzia». Iruditzen zaio garrantzitsua dela «biktima mota desberdinen artean dagoen diskriminazioa gainditzea». Guztientzat eskatu du «egia, justizia eta erreparazioa». Bigarren korapiloa «presoan auzia» da, Altzelairen irudiko. «Gai honek inoiz ez du izan orain duen adostasuna. Norabide onean urratsak ematen ari dira, baina oraindik badira iraganeko inertziak, eta horiek gainditu behar dira». Eta «memoria historiko inklusiboa» da hirugarren korapiloa. «Atal honek eragiten ditu zailtasun gehien; besteak beste, alderdien kontakizunaren eztabaidak baldintzatua dagoelako», adierazi du plataformaren bozeramaileak. «Euskal gizartea politikarien aurretik doa gai honetan. Hori erakusten duten esperientzia ugari daude».

«Min eta frustrazio gehiago» ez sortzeko, korapilo horiek askatu behar dira, Altzelairen hitzetan. Baina azpimarratu du Foro Sozialean «kezkatuta» daudela «eztaida politikoaren tonuarekin»; Madrilgoarekin «batez ere», baina baita «hemengoarekin» ere. 

Belaunaldi berriak

Prozesuaren erronkei dagokienez, bi nabarmendu dituzte. Batetik, pertsona guztien eskubide politiko, sozial eta zibilak errespetatzen dituen «kultura demokratiko osoa» sustatzea; eta, bigarrenik, belaunaldi berriei elkarrizketaren eta indarkeriarik ezaren kultura transmititzea, «elkarrizketa delako», Altzelairen arabera, «gatazkak konpontzeko tresna bakarra XXI. mendean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.