Karabakh

Armeniarren aurkako gerra salatu dute, AP-8a itxita

Hamabost bat ibilgailurekin itxi dute errepidea, Irun eta Hendaia artean, goizeko zortziak eta erdietan. Azerbaijanen erasoa armeniarren aurkakoa dela ohartarazi dute.

Stepanakerteko hilerri militarra, Karabakh Garaian, aste honetan. PABLO GONZALEZ / EFE
2020ko urriaren 17a
15:12
Entzun

Karabakh Garaian piztu den gerra armeniarren aurkako eraso bat dela salatu dute dozenaka herritarrek larunbat goiz honetan. Haserre mintzatu dira, Europak «bizkarra» eman dielako armeniarrei.

Irailaren 27an hasi ziren borrokak Karabakh Garaian. Azerbaijanen mendeko lurretan dagoen arren, armeniarrak dira bertako biztanle gehienak, eta tentsioa etengabea da lurraldean. Ehun hildako baino gehiago utzi ditu gerrak geroztik.

Goiz honetan, hamabost bat ibilgailutan joan dira dozenaka euskal herritar —gehienak armeniar jatorrikoak—, eta AP-8 errepidea itxi dute Irun eta Hendaia artean. 08:30ean hasi dute protesta, eta han egon dira ordubete inguruz, Ertzaintza bertaratu den arte. Hiru bat kilometroko ilarak sortu dira errepidean.

Ertzainek lau lagun identifikatu dituzte, eta beren borondatez utzi dute errepide mozketa; EITBren Donostiako egoitzara joan dira handik, Miramonera. Beren protestaren arrazoiak aurkeztu dituzte han.

Adierazi dute Azerbaijanek «armeniarren kontra» egin duela eraso bat, eta «terroristatzat» jo dituzte Azerbaijango eta Turkiako presidenteak. Utzikeria ere salatu dute: «Europak eta munduak bizkarra eman diete Karabakh Garaiko armeniarrei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.