Zelanda Berria

Ardernek gobernu agintea berritu du Zeelanda Berrian, garaipen argi batekin

Alderdi Laboristak botoen %49 eskuratu ditu, eta gehiengo osoa izango du parlamentuan. Beraz, ez du aurreko koalizio gobernuko kideen babesa beharko.

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroa, hauteskunde garaipena ospatzen. DAVID ROWLAND, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 17a
21:33
Entzun

Jacinda Ardern Zeelanda Berriko lehen ministroak garaipen argia eskuratu du bere herrialdeko hauteskundeetan. «Alderdi Laboristak azken 50 urteetan jaso duen babesik handiena» lortu du bozetan, Ardernek berak nabarmendu duenez.

Pandemiaren kudeaketarengatik nazioartean goraipatua izan den agintariaren garaipenari esker, Alderdi Laboristak gehiengo osoa izango du parlamentuan, eta bere kasa gobernatzeko gai izango da, 2017an, Alderdi Berdearekin eta Zeelanda Berria Lehenengorekin eratu zuen koalizio gobernu formula errepikatzeko beharrik gabe.

Botoen ia %100 zenbatuta, laboristek %49ko babesa jaso dute. Historikoki, boterea lehiatu izan dion Alderdi Nazionalak, berriz, botoen %26,9 lortu ditu. Judith Collins Alderdi Nazionaleko hautagaiak Ardern zoriondu du, izan dituen «emaitza bikainengatik».

Garaipenaren osteko hitzaldian, 40 urteko gobernuburuak adierazi du lehentasun izango duela, pandemia betean, ekonomia suspertzea, eta «herritar guztientzat» gobernatzea. Aurreko agintaldian agintean izan zen koalizio gobernuko kideen beharrik gabe, Ardernek politika aurrerakoiagoak egiteko tarte handiagoa izatea espero da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.