EUSKAL PRESOAK

Bi preso Euskal Herriratuko dituzte, eta bertze hiru hurbilduko

Joseba Arregi Erostarbe Martutenera ekarriko dute, eta Garikoitz Garcia Arrieta, Zaballara. Alicia Saez de la Cuesta eta Ugaitz Perez Zorriketa Logroñora eramanen dituzte, eta Iñaki Armendariz Izagirre, Burgosera. Zaballan dagoen Ibon Etxezarreta presoari hirugarren gradua emanen diote.

Presoen alde irailean egindako protesta bat, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 19a
15:49
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeek jakinarazi dutenez, bi euskal preso Euskal Herriratu eta bertze hiru Euskal Herritik hurbil dauden Espainiako espetxeetara eramanen dituzte: Logroñora eta Burgosera. Bertze preso bati, berriz, hirugarren gradua emanen diote.

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektibokoak dira mugituko dituzten bortz euskal presoak: Joseba Arregi Erostarbe Villabonatik (Asturias, 385 kilometro) Martuteneko kartzelara ekarriko dute (Donostia), eta Garikoitz Garcia Arrieta, berriz, Valentziatik (600 kilometro) Zaballara (Araba). Logroñora eramanen dituzte (170 kilometro) Alicia Saez de la Cuesta eta Ugaitz Perez Zorriketa: Castelloko espetxeetan zeuden biak (575 kilometro). Iñaki Armendariz Izagirre, berriz, Ciudad Realgo espetxetik (640 kilometro) Burgosera eramanen dute (215 kilometro).

Ibon Etxezarreta presoa hirugarren gradura pasatuko dute. Lehendik zegoen Zaballako espetxean.

Arregi Erostarbe 2000tik dago espetxean, eta 30 urteko zigorra betetzen ari da. Iazko irailean bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Espetxe Erakundeek jakinarazi dute espetxe legedia onartu duela eta uko egin diola «indarkeriaren erabilerari». Bigarren graduan ezarriko dute. Ugaitz Perez Zorriketak 25 urteko zigorra du, eta 2021eko abuztuan beteko ditu hiru laurdenak. 2002tik dago preso. Alicia Saez de la Cuestak ere 30 urteko espetxe zigorra du, eta hark ere onartu du espetxe legedia. Iñaki Armendariz Izagirre 25 urteko zigorra betetzen ari da; Garikoitz Garcia Arrieta, 20 urtekoa. Denak daude espetxean ETAko kide izatea egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.