Bolivia

Umiliatua izatetik senatari kargura

Moralesen garaipena onartu ez zuen manifestari talde batek indarrez kalera atera eta gogor kolpatu zuen Patricia Arce duela urtebete, Vintoko alkate zela. Igandeko bozen ostean, senatari izango da.

Patricia Arce, kameren aurrean, manifestarien partetik jasaniko erasoaren. JORGE ABREGO / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko urriaren 20a
10:41
Entzun

Gauzak nola aldatzen diren. Duela urtebete, Bolivian estatu kolpea eman eta Evo Moralesek herrialdetik irten behar izan zuenean, oposizioko manifestarien mespretxuak eta erasoak jasan behar izan zituen kideetako bat izan zen Patricia Arce. Vinto herriko alkate zen orduan. Ia urtebete igaro denean, senatari kargua eskuratu du, MAS alderdiak igandeko bozetan lortutako garaipenaren aurpegietako bat bilakatuz.

2019ko urriaren 20an Evo Moralesek hauteskundeetan lortutako garaipena onartu ez eta emaitzen aurka protestan atera zirenen haserrea jasan zuen Arcek. Azaroaren 6an mundu osoan ezagun egin zen haren irudia. Udaletxean zela bahitu eta kalera atera zuten. Ilea moztu, eta buru gainetik gasolina eta pintura gorria bota zizkioten, baita kolpe ugari eman ere, ia konortea galtzeraino, Arce berak Nodal hedabideari azaldu zionez. Modu horretan hainbat kilometroz ibiltzera ere behartu zuten.

Halere, haren esanetan, beharrezkoa zuen sendo mantentzea: «Indartsu agertu behar nintzen. Emakume ekintzaileak prestatu nahian ari banaiz, zer irudi emango nuke konortea galduz gero?». Ez zuten lortu, beraz, Arce kikiltzea. «Ilea moztuko zidaten, agian kolpeak eman, baina nire ideiek bere horretan jarraitzen dute», adierazi zuen berriz ere alkate kargura itzultzean, aste batzuk geroago.

Hainbat hedabideren arabera, apirilean Poliziak atxilotu zuen Arce, ustez konfinamendu garaian festa bat antolatu izanagatik. Alkoholemia proba bat ere egin zioten, eta negatibo eman zuen. Hark «jazarpen politikoa» salatu zuen orduan.

Gauzak hala, senatari kargua eskuratzeko asmoz aurkeztu zen igandeko bozetara, Evo Moralesen MAS alderdiarekin. «Lanarekin, umiltasunarekin eta Boliviako herriaren babesarekin, gure herrialdea berreskuratu dugu, denentzat, batasunez eta ausardiaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.