Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Koplarik gabe, bertsotan

Aukera berdintasuna bermatzea zaila izango zela aurreikusita, Bertsozale Elkarteak bertan behera utzi du Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Kopla Barik bertso zirkuitua antolatu du.

Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzailea, Xabier Arauzo eta Joseba Etxebarriarekin, gaur, egitasmoaren aurkezpenean. ANDONI CANALLEDA / FOKU
Ane Eslava.
2020ko urriaren 20a
18:06
Entzun

Errenkadan iristen ari dira bertan behera utzitako egitasmoen albisteak, eta gaurkoa Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eman du. Udazkenean zen jokatzekoa Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, baina, osasun krisiaren ondorioz baldintza egokietan egiteko zailtasunak izango zirela ikusirik, elkarte antolatzaileak bertan behera uztea erabaki du. Elkarteak badaki, ordea, bertsolarientzat txapelketa garrantzitsua dela, eta bertsozaleak bertso gosez direla, eta hutsunea betetzeko «bertso zirkuitu» bat antolatu du: Kopla Barik. Larunbatean izango du lehen saioa, eta beste hirurekin osatuko dute. Aitzakiarik gabe, bertsoak Bizkaiko plazak har ditzan.

«Bertsozaleentzat eta elkartearentzat garrantzi handia du txapelketak, baina ikusi genuen ez zela une egokia egiteko: txapelketak sailkapen izaera du, asko baldintzatu dezake bertsolariaren ibilbidea, eta saio batean ez parte hartzeak ekar dezake txapelketan ez jarraitzea». Hala azaldu du erabakia Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak.

Elkartearentzat erabaki «gogorra» izan dela aitortu du Narbaizak, baina azaldu du prozesuan bertsolariekin harremanean izan direla, eta haiek ere ulertu dutela: «Ikusten zuten berrogeialdiekin arriskua zegoela kanporaketaren bat ez jokatzeko eta bidea mozteko, eta ondo hartu zuten erabakia».

Txapelketarik ez izateak ez du esan nahi, ordea, saiorik antolatu ezin denik, eta elkarteak, horretarako aukera ez ezik, horren premia ere ikusi du. «Beharrizana dago: bertsozaleak bertso gosez daude, eta elkarte moduan ardura ere badugu, asko murriztu baita saio kopurua». Hala, plazari bultzada emateko ahalegina egin dute, eta Kopla Barik zikloan txapelketa garaiko saioak eskainiko dituzte, txapelketaren presioa baztertuta. «Kopla Barik deitu diogu, egoera honetan ere koplak alde batera utzi eta, aitzakia barik, saioak antolatuko ditugulako», zehaztu du Narbaizak.

Lau saio egingo dituzte: formatu txikiko hiru, eta formatu handiagoko jaialdi bat. Saioen aniztasunak plaza islatzea izan dute helburu, «txapelketa ez baita plaza bakarra», elkarteko koordinatzailearen hitzetan. «Erakutsi nahi dugu formatu eta izaera ezberdineko saioak egin daitezkeela, bertsozale bakoitzak bere gustukoa aurki dezan».

Larunbatean abiatuko da zikloa, Mungiako Olalde aretoan, bertso saio musikatu batekin. Aitor Bizkarra, Arrate Illaro, Malen Amenabar, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue eta Nerea Ibarzabal bertsolariek Ixak Arruti eta Eneko Sierra musikarien konpasen erritmora kantatu beharko dute. Gai jartzailea Idoia Anzorandia izango da.

Bigarrena bertso trama bat izango da: Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria, Julen Arzanegi, Miren Amuriza, Txaber Altube eta Unai Mendiburu bertsolariek pertsonaia jakin batzuen roletik kantatu beharko dute, eta istorioa eraikiz joan, Lilibertso bertso eskolako gai jartzaileek agintzen dizkieten bideetatik, trama bat osatu arte. Azaroaren 14an egingo dute, Igorreko Lasarte aretoan.

Azaroko azken larunbatean, 28an, bertsolariak lehian jarriko dira, sariketa saio batean. Ander Elortegi, Imanol Uria, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia arituko dira kantuan, eta Albe Algortako bertso eskolako kideek jarriko dizkiete gaiak. Durangoko Plateruena antzokian izango da.

Azkenik, abenduaren 20an, zikloari txapela jartzeko, saiorik bereziena egingo dute, Getxoko Muxikebarri zentroan. Bizkaiko txapeldun izan diren zortzi bertsolari igoko dira oholtzara: Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga, Xabi Paya eta Jon Enbeita. Gaiak plazaratzeko ardura, berriz, txapelketako gai jartzaileen taldearena izango da.

Egitarau horrekin, bertsoa plazara aterata, elkarteak «kultura segurua» dela berretsi nahi du, eta egungo baldintzetan ere askotariko saioak antolatu daitezkeela erakutsi. «Denon ardura baita kultura eta bertsozaletasuna sustatzea».

Duela bi urteko txapelketako finalaurrekoetan eta finalean kantatu zuten bertsolari guztiei eskainiko diete saio batean parte hartzeko aukera, eta, horrez gain, Irune Basagoiti Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako irabazleak ere kantatuko du. Pandemiari lotutako neurriak direla-eta bertsolariren batek ezin badu parte hartu, beste bertsolari batek ordezkatuko du, eta ez du bestelako konpromisorik izango. Saioetarako sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta txarteldegietan ere jarriko dituzte, saioak hasi baino ordu erdi lehenago. Tokiak mugatuta egongo dira.

Txapelketa Nagusia ezbaian

Bizkaiko Bertsolari Txapelketarekin zer egingo duten argitu da dagoeneko, baina Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin zer gertatuko den ikuskizun dago gaur-gaurkoz. Lau urtean behin jokatzen da, eta hurrengoak 2021ean izan beharko luke. Euskal Herriko Bertsozale Elkartea egoera ebaluatzen ari da, egungo testuinguruan lehiaketa antolatzeko aukerarik egongo den ala ez aztertzen, eta urte amaierarako hartuko du behin betiko erabakia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.