EUSKAL PRESOAK

Etxerat-ek ohartarazi du EPPK-ko presoetatik soilik 11 daudela Euskal Herriko kartzeletan

Lekualdaketak Euskal Herrira egiteko eskatu du presoen senideen elkarteak, eta ez Euskal Herritik kanpora.

Etxerat-ek udan deitutako protesta bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 21a
11:30
Entzun

Azken aste eta hilabeteotan 50 euskal presotik goiti lekualdatu dituzte, horietako gehienak Euskal Herritik 250 kilometroko distantziara dauden espetxeetara. Etxerat euskal presoen senideen elkarteak Euskal Herrira ekartzeko eskatu du, ordea: «Zergatik eramaten dituzte Darocara edo Dueñasera? Zergatik Estremerara, Euskal Herritik 520 kilometrotara? Zergatik ez Zaballara?». Elkarteak salatu duenez, EPPK-ko 222 euskal presoetatik 11 bakarrik daude Euskal Herriko espetxeetan —kolektiboan ez dauden presoak kontuan hartuz gero, hamalau dira guztira Euskal Herrian daudenak—.

Etxerat-ek ohartarazi du lekualdaketak egin diren arren euren senide presoek urrun jarraitzen dutela: «Eta guk urruntzearen ondorioak pairatzen jarraitzen dugu». Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak zehaztu du presoen erdiak baino gehiago urrunen dauden espetxeetan daudela oraindik: «Nahiz eta lekualdaketa eta mugimendu asko iragartzen ari diren, gaur egun oraindik senideen erdiek baino gehiagok 1.200 eta 2.000 kilometro arteko bidaiak egin behar dituzte senideekin egoteko, oraindik presoen erdiak baino gehiago 600 kilometro baino urrutiagoko espetxeetan baitaude». Gizarteari deia egin dio ez lasaitzeko: «Beldurra dugu gizartean lekualdaketak hartzea urruntzearen amaiera baten gisan: oraindik urruti gaude. Eta gizarteak mugitzen jarraitu beharko du urruntzea amaitzeko».

Urruntze politika hori nazioarteko erakundeen eta osasun agintarien gomendioen kontra egiten ari dela salatu du Etxerat-ek, eta ez dela kontuan hartzen ari «herrialde honetako gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren nahia, ezta «pandemiaren testuinguruan euskal preso guztiak euskal espetxeetara ekartzea eskatu duen Eusko Jaurlaritzaren borondatea» ere. Etxerat-en ustez, «bizikidetzarako eta behin betiko bakerako bidea oztopatzen traba da» urruntze politika: «Ezin dugu horrela jarraitu. Justifikaezina da euskal presoen eta haien familien aurkako salbuespenari denbora gehiagoan eustea».

Espetxe legedia betetzeko trabak

Etxerat elkarteak salatu du, halaber, espetxe legedia betetzeko bidea «moteltzen eta eragozten» ari zaizkiela presoei. Etxerat-en datuen arabera, gaur gaurkoz 63 lekualdaketa egin dituzte Espainiako Estatuan 2018ko ekainetik: horietako hamabi Euskal Herrira eta 51 Euskal Herri inguruko espetxeetara. Bertze hamabortz lekualdaketa daude iragarrita, oraindik gauzatu ez direnak.

Larriki eri diren eta 65 urtetik goiti dituzten presoak askatzeko eskatu du Etxerat-ek, baita kartzelan 30 urtetik goiti daramatzaten Frederique Haranburu, Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot askatzeko ere —biziarteko zigorra dute—.

Bide horretan, Sarek heldu den urriaren 24rako Donostian eginen duen mosaikoa «txalotu» du elkarteak.

Mobilizatzeko deia egin du LABek

LAB sindikatuak atxikimendua eman dio larunbatean Sarek eginen duen protestari: han izanen dira Garbiñe Aranburu idazkari nagusia eta Aiora Imaz batzorde exekutiboko kidea. Sindikatuak mobilizatzeko deia egin die langileei, «bizirik, osasuntsu eta etxean nahi ditugulako». Ostiralean, Bilbon, protestara aterako dira bertze hainbat sindikaturekin batera, 11:30ean, Plaza Eliptikoan. Salbuespen politika bukatzeko eskatu du sindikatuak.

Artolazabal, hurbiltzearen alde

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Onda Vasca irratian egindako adierazpenetan erran du euskal presoen hurbiltzeak «ekarpena» eginen lukeela «bizikidetzaren normalizazioan». Haren hitzetan, ez da «desiragarria» gizarte «demokratiko» batean «salbuespen egoerak» gertatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.