Katalunia

Traperoren absoluzioa, buruzagi independentisten aurkako epaiarekin kontraesanean

Aragonesen esanetan, «deseraikitzen» ari da «independentismoaren kontrako auzi orokorra». Puigdemontek salatu du sinesgarritasuna aitortu zaiela «gezurretan» aritu diren Espainiako agintari polizialei.

Josp Lluis Trapero Mossos d'Esquadraren buru ohia, Espainiako Auzitegi Nazionalean. FERNANDO VILLAR
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urriaren 21a
13:11
Entzun

Aske eta kargurik gabe utzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak Josep Lluis Trapero Mossos d'Esquadra Kataluniako Poliziaren buru ohia. Epaimahaiaren erabakia filtratu zuten atzo prentsara, eta gaur egin dute publiko epaia. Auzitegiak frogatutzat jo duenez, Traperok ez zuen jokatu une hartako Generalitateko agintarien irizpide politikoen esanetara, eta Espainiako Fiskaltzak agindutakoa betetzeko borondatez jardun zuen, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma eragozte aldera. Eragile independentisten arabera, auzitegiaren ebazpena kolpe gogorra da fiskaltzarentzat, eta agerian utzi du Kataluniako prozesu independentistaren kontrako auziaren oinarririk eza. Hori dela eta, urriaren 1eko erreferenduma sustatzeagatik espetxeratuta dauden buruzagi independentisten amnistia aldarrikatu dute beste behin.

Fiskaltzak matxinada delitua leporatu zion hasieran Traperori, eta 11 urteko espetxe zigorra eskatu zuen harentzat. Epaiketaren amaieran, baina, akusazioa aldatu zuen. Sedizio delitua leporatu zion, eta hamar urteko kartzela zigorra galdegin zuen Mossoen buruarentzat. Epaimahaiak sediziorik ez dela uste izatekotan, desobedientzia delitua proposatu zuen ordezko aukera gisa. Auzitegiak ebatzi du Trapero eta harekin auzipetuta zeuden Mossoetako beste hiru goi agintari ez direla delitu horietako bat beraren arduradun. Erabakia ez du aho batez hartu. Boto partikularra eman du Concepcion Espejel epaimahaiko presidenteak. Trapero sedizioagatik zigortu behar zela babestu du.

Hala, Auzitegi Nazionalak ez dio baliorik aitortu akusazioaren lekuko garrantzitsuenetako bat izan denaren testigantzari: Diego Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronelari, urriaren 1eko erreferenduma eragozteko polizia indarren —Mossoen, Gaurdia Zibilaren eta Espainiako Poliziaren— koordinazio arduradunari. Hain justu, Espainiako Auzitegi Gorenak, iazko urriaren 14an, bederatzi buruzagi independentista hamahiru urtera arteko kartzelara zigortu zituen epaian, sinesgarritasun osoa aitortu zion Perez de los Cobosek Traperoren kontra esandakoei. Gorenak ziurtatu zuen Kataluniako Polizia Generalitateko arduradunen irizpide politikoen menetara aritu zela, fiskaltzak erreferenduma eragozteko emana zuen agindua «itxuraz» betetzeko, baina horiek hartutako neurriak «eraginik gabekoak izateko borondate irmoarekin».

Olga Tubau Traperoren defentsa abokatuak ohar bidez adierazi du Auzitegi Nazionalaren epaiak Mossoen buruaren eta Kataluniako Poliziaren «ohore profesionala leheneratu» duela epaiarekin. Haren esanetan, frogatuta gelditu da mossoek sekula ez zutela jardun «elkar hartze politikoarekin», baizik eta «irizpide polizialei» jarraitu zietela soilik, «agindu judizialak betez eta herritarren segurtasuna eta ordena publikoa zainduz».

«Gezurrak», agerian

Traperoren absoluzioa publiko egin eta gutxira, Auzitegi Nazionalaren erabakia izan dute hizpide Kataluniako hainbat buruzagi independentistak. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak «poza» agertu du Twitter bidez, baina jarraian ohartarazi du «bidegabekeria» ez dela desagertu, «sinesgarritasuna eman zaielako oinarrik gabeko kasu bat eraikitzen ari zirela bazekiten Polizia agintari espainiar batzuei». Horiek «gezurretan» aritu direla salatu du. Bestalde, gaineratu duenez, Traperoren absoluzioak baieztatu egin du espetxeratuta dauden buruzagi independentisten kontrako kondena «estatu erabaki bat» izan zela. «Zigorra eta mendekua izan zen».

Espainiako Auzitegi Gorenak iaz emandako epaiarekin lotu du Traperoren absoluzioa Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidenteordeak. Galdera bat egin du: «Zer egiten dute preso politikoek kartzelan, independentismoaren kontrako auzi orokorra deseraikitzen ari denean?».

Ildo beretik mintzatu dira ANC eta Omnium Cultural gizarte eragileak ere. Omniumen iritziz, Mossoen kupularen absoluzioak funtsik gabe utzi du «Guardia Zibilak indarkerian oinarritu zuen kontakizun faltsua», eta agerian gelditu da «estatuko botereen jazarpen ideologikoa». ANCren esanetan, berriz, Auzitegi Nazionalaren epaiak fiskaltzaren izena zikindu du, eta «kontraesanak» azaleratu ditu «independentismoaren kontrako auzi orokorrean».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.