Urrutikoetxearen auzia instrukziora bidali dute berriz

2010-2013ko prozesuagatik epaitzekoa zuten gaur Josu Urrutikoetxea, Parisko Zigor Auzitegian. Bigarren aldia da epaileak dosierra instrukziora bidaltzen duela.

Josu Urrutikoetxea, urriaren 11n, Parisen, BERRIArentzat ateratako argazkietako batean. EñAUT CASTAGNET
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 21a
16:51
Entzun

Parisko Zigor Auzitegira deitua zen gaur arratsaldean Josu Urrutikoetxea, 2010 eta 2013 artean ETAko kide izan zelakoan, gaizkile elkarteko kide izatea leporatuta. Baina, azkenean, ez du auzirik izan. Fiskaltzak hala eskatuta, dosierra berriz instrukziora bidaltzea erabaki du epaileak, erregularizatzeko. Harritua mintzatu da Egoitz Urrutikoetxea, Josuren semea: «Bigarren aldia da dosierra berriz instrukziora bidaltzen dutena; ez da sekula horrelakorik ikusi». Auzia ekainaren 15ean eta 16an ezarri dute, baldin eta auzibidea berriz instrukziotik garaiz heltzen bada. Litekeena da beranduago izatea.

2017an epaitu zuten Urrutikoetxea auzi horretan, bera hor ez zegoela. Zortzi urteko kartzela zigorra eman zioten, 2011tik 2013ra ETAren zuzendaritzako partaide izatea egotzita; epaiak zekarrenez, «nagusitasunezko posizioa» zeukan, «ez soilik talde politikoan». 2019ko maiatzean atxilotu zutenean, auzia berriz egitea eskatzeko eskubidea zuen, eta hala egin zuen. Iazko irailean izan beharra zen, baina, prozedura akatsak zirela-eta, epaileak dosierra berriz instrukziora bidaltzea erabaki zuen. Gaur, erabaki bera hartu du.

«Hasieran, auziperatua izan zen gaizkile elkarteko kide izateagatik hiru lekutan: Norvegian, [Okzitaniako] Ariege eskualdean eta Pirinio Atlantikoetan. Afera lehen aldi batez instrukziora bidali zen, eta, instrukzio epaileak dosierra berriz epaitegira bidaltzean, Pirinio Atlanikoetako akusazioa baizik ez du atxiki», esplikatu du Laure Heinich defentsaren abokatuak. «Guk erraten duguna da Pirinio Atlantikoetan ez dela elementu bakar bat ere Urrutikoetxearen kontra. Garai hartan ez zen lurralde horretan egon. Beraz, zigor auzitegiko epaileak uste du instrukzio epaileak ez duela bere lana osoki egin, eta Ariege eskualdea ere barnean hartu behar zuela».

Josu «kosta ahala kosta» zigortzeko borondatea ikusten du gertatutakoan Egoitzek: «Ohartu dira gaur epaitzen bazuten errugabetzat jo beharko zutela», salatu du. Besteak beste, Norvegian egon zen garai haietan Josu Urrutikoetxea, ETAren ordezkari gisa PSOEren gobernuarekin gatazkaren ondorioez aritzeko. Nazioarteko bitartekarien bidez, ETAk eta Madrilek 2011ko udan adostu zuten Oslon mahai bat sortzea —ETAk atzo bederatzi urte eman zuen bukatutzat jarduera armatua—, baina azaroan PPk irabazi zituen hauteskundeak, eta Espainiako Gobernua ez zen mahaira agertu ere egin.

Afera berriz instrukziora bidaltzearekin, prozedura berriz errepikatuko dela deitoratu du Heinichek: «Berriz akusaziopean emana izanen da, galdeketa bat izanen da, berriz auzitegian agertzeko agindua izanen du...» Adierazi du «domaia» iruditzen zaiola hasieratik «disfuntzioak» dituen dosier horretan «ondorioak» ez ateratzea. «Momentu baten buruan, justizia behin eta berriz zangotrabatzen denean, erran nahi du dosierrak ez duela funtsik. Gaur, epaileak ez zuen elementurik Urrutikoetxea kondenatu ahal izateko, eta ondoko aldian ez du gehiago izanen, ez Pirinio Atlantikoetan, ez Ariege eskualdean. Ez zaio gaizkile elkarteko arau hausterik leporatzen ahal; beraz, ez du ezer aldatuko».

Parisen kontraesanak, auzitara

Bi prozedura ditu Frantzian Urrutikoetxeak. Horietako bat, gaurkoa, 2010-2013 garaiari lotua. Bigarrena, 2005-2006ko prozesuari lotua, astelehen eta asteartean iragatekoa zen, baina heldu den otsailera gibelatzea erabaki zuen epaileak, defentsa abokatuen eskariz, osasun egoerak lekukoen presentzia arriskuan jar zezakeelakoan. Lau lekuko deituak ditu Urrutikoetxearen kontrako epaiketa horretarako: Jesus Egiguren, Raymond Kendall, Gerry Kelly eta David Harland. Defentsak uste du nazioarteko prozesuetako parametroak urratzen direla auzi honetan. Frantziako Poliziak, barne txosten batean, ETAren ordezkaritzat zeukan, ez buruzagitzat eta ez etakidetzat. Bi guardia zibil esanguratsuk, liburu batean, ez zuten erakundearen zuzendaritzan kokatu 2002an berriz ihes egin zuenetik.

Ostiralean, nazioarteko komunitateko 259 eragilek Josu Urrutikoetxeak «Euskal Herriko gatazkaren konponbidearen» alde egindako lana nabarmendu zuten, eta, ondorioz, Frantziaren jarrera deitoratu,  ETArekin eta 2005-2007ko eta 2011-2013ko prozesuekin lotuta epaiketak egingo dizkiolako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.