Josu Urrutikoetxearen aurkako auziak. Parisko epaiketak

Parisen kontraesanak, auzitara

Josu Urrutikoetxea epaituko dute datorren astean, etakide gisa bake elkarrizketekin lotuta. Defentsak uste du nazioarteko prozesuetako parametroak urratzen direla. Frantziako Poliziak ETAren ordezkaritzat zeukan, ez buruzagi eta ez etakide. Bi guardia zibil esanguratsuk, liburu batean, ez zuten erakundearen zuzendaritzan kokatu berriz ihes egin zuenetik.
Josu Urrutikoetxea, joan den igandean, Parisen, BERRIArentzako ateratako argazkietako batean. Frantziako hiriburuan bizi da, epaileek hala aginduta.
Josu Urrutikoetxea, joan den igandean, Parisen, BERRIArentzako ateratako argazkietako batean. Frantziako hiriburuan bizi da, epaileek hala aginduta. EÑAUT CASTAGNET Tamaina handiagoan ikusi

Enekoitz Esnaola -

2020ko urriak 17

Frantziak Josu Urrutikoetxea epaituko du datorren astean, Parisen: etakidea izatea egozten dio, eta euskal gatazkaren elkarrizketa prozesuetan ardura bat izatea. Hurrengo asterako bi epaiketen saioak zituen. Lehenik, astelehen eta astearterako, etakide gisa ETA-Espainiako Gobernuaren 2005-2007ko prozesurako bidean lan egitea egotzita, baina COVID-19ak eragindako osasun egoerak ez du modurik emango lekukoak izateko, eta, herenegun zabaldu zenez, otsailera atzeratuko dute auzi saioa. Aldiz, beste epaiketa izango da: asteazken eta ostegunean. Hor ere «helburu terrorista» zuen gaizkile taldeko (ETA) kidetza leporatzen diote, eta 2011-2013an Osloko mahaian parte hartzea. Defentsa abokatuek uste dute Frantziak, bi auzi horien ondorioz, bake eta konponbide prozesuetako nazioarteko parametroak urratzen dituela, mintzaideetako baten babes diplomatikoa eta juridikoa arriskuan jarri izanagatik. Abokatuen arabera, Frantziak munduko beste prozesu batzuetan egin nahi duen bitartekaritza lana auzitan legoke horrela. Kontraesan argi bat ikusten dute.

Frantziako eta Espainiako estatuek ETAren ibilbideko «ikurtzat» dute Urrutikoetxea (Ugao, Bizkaia, 1950), eta, 2002an berriro klandestinitatera jo zuenetik ere euskal erakunde armatuaren zuzendaritzako kidetzat jo izan dute. Baina, batetik, Frantziako Poliziaren 2014ko barne txosten batek —BERRIAk eskuratua du— ez zuen ETA barruan kokatu, ordezkaritzan baizik. Bestetik, Guardia Zibilaren bi kide esanguratsuk 2017an argitaratu zuten liburuan diote ihes egin eta 2004tik aurrera bederen Urrutikoetxea ez zela zuzendaritzako parte izan, eta askotan dakarte 2005-2006ko elkarrizketetan ETAren «ordezkaria» izan zela. Prozesu horretako hainbat lekukok ere horixe aipatzen dute.

Astelehen eta asteartean egitekoa zen epaiketa Dei Auzitegian izango zen, etakidetzat jo eta ofizialki 2006an hasi ziren elkarrizketak prestatzeko 2002-2005 artean ETArekin harremanak izatea leporatuta. Auzi horrengatik fiskalak 2010ean zioen Josu Urrutikoetxeak ETAn «posizio hierarkikoa» zeukala eta «arduradun politikoa» zela Frantziako Poliziak 2004an Mikel Albisu atxilotuz geroztik. Defentsak lau lekuko deituak ditu: Jesus Egiguren (Espainiako Gobernuaren ordezkaria 2005-2007an), Raymond Kendall (Interpolen idazkari nagusi izandakoa), Gerry Kelly (Sinn Feineko kidea) eta David Harland (Henri Dunant zentroaren zuzendaria). Beste epaiketarako saioa asteazken eta ostegunerako dago ezarria, Auzitegi Korrekzionalean.

Lehen auziarengatik 2010ean epaitu zuten, Korrekzionalean, eta bost urteko espetxe zigorra jarri zioten. Fiskalak helegitea aurkeztu, eta kondena zazpi urtera igo zuen Dei Auzitegiak, urte berean. Osloko auziagatik, 2017an epaitu zuten, Korrekzionalean: zortzi urteko kartzela, 2011-2013an ETAren zuzendaritzako partaide izatea egotzita; epaiak zekarrenez, «nagusitasunezko posizioa» zeukan, «ez soilik talde politikoan». Bi aldi haietan, Urrutikoetxea sasian zegoen. 2019ko maiatzean atxilotu ondoren, epaiketak berriro egiteko eskatzeko eskubidea zeukan; baliatu zuen. Orain izango da bat.

(Josu Urrutikoetxea, pasa den igandean, Parisen, BERRIArentzako ateratako argazkietako batean. Frantziako hiriburuan bizi da, joan den uztailean epaileek hala aginduta. EÑAUT CASTAGNET)

2002 osteko parte hartzea

BERRIAk kontsultatu dituen iturri fidagarri batzuen arabera, 2002an klandestinitatean sartu zenetik ETA 2018ko maiatzaren 3an desegin artean, Urrutikoetxea ez zen haren zuzendaritzako kidea izan. 2005-2007ko elkarrizketa prozesuan ETAren ordezkaritza lanak egin zituen, eta 2011-2013ko mahaian ere funtzio berarekin aritu zen. 2002tik aitzina —Zaragozako (Espainia) kuarteleko 1987ko atentatuagatik inputatua izan ostean egin zuen ihes, «sasi-epaiketa» aurreikusten zuela salatuta—, gero heldu zen elkarrizketa prozesua zela-eta eduki zuen harremana ETAren zuzendaritzarekin —talde politikoarekin—, baina ez zuen erakundearen erabakietan parte hartzen. Ordea, Madrilek eta Parisek 2002tik aurrera ere buruzagitzat jo izan dute, eta delituak leporatu dizkiote.

Esate batera, 2006ko abenduaren 30ean ETAk Madrilgo Barajasko aireportuaren aurka egindako atentatuagatik —bi lagun hil zituen, furgoneta bat leherrarazita—, Juan Pablo Gonzalez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak 2015eko auto batean zioen 2005etik 2007ra ETAren talde politikoaren buru izan zela Urrutikoetxea, eta Barajasko hilketen erantzuleetakotzat hartu zuen. Akusazio horri helduta, Espainiako Gobernuak Frantziari euroagindu eskaera egin zion iaz. Joan den azaroan kazeta honek zekarrenez, Frantziako Poliziaren Zuzendaritzaren Borroka Antiterroristako Koordinazio Unitateak 2014an datatutako txosten konfidentzial batek zioen ETAren «ildo gogorrak» Urrutikoetxea «baztertu» egin zuela Barajaskoa baino pixka bat lehenago —eta horrek «Espainiako Gobernuarekin negoziazioa haustea» ekarri zuela—. Joan den uztailaren 1ean Dei Auzitegiak baztertu egin zuen eskaera, besteak beste zehaztasunik ezagatik —lehen aldia izan zen Parisko auzitegi batek Madrilen euroagindu eskaera bat errefusatu zuena—.

«Posizio berezia: ordezkari»

Frantziako Poliziak txosten konfidentzialean —Le Nationalisme Basque du izena; Euskal Nazionalismoa—, Urrutikoetxea ez zuen jo ETAren zuzendaritzako eta sailetako kidetzat, baizik eta haren «ordezkari» gisa, «buruzagi historikoa» zela kontsideratzeaz gain. Parisen dokumentuko 172. orrialdeko organigraman ageri da «fronte terroristan» ETAren zuzendaritzarekin kontaktua lukeela, eta, «alor politikoan», Arnaldo Otegi EH Bilduko eta Sortuko kidearekin —aipatu zuten Otegi kartzelan zegoela orduan—.

Poliziak dokumentu bereko aurreko orrialdean zioen «berriki» (2011) izan zen ETAren su-etenak —txostenak ez zuen zehaztu urtarrilekoaz ari zen, «egiaztagarria, iraunkorra eta orokorraz»; ala urrikoaz, jarduera armatuaren bukaerakoaz—, Urrutikoetxea «mugimenduaren instantzietara itzultzea» eragin zuela, «haren asmoak zehazki zein diren argitu gabe dagoen arren», baina ez zuen kokatu ETAren egituran —zuzendaritzan, edo talde politikoan, logistiko-militarrean, finantzetakoan edo nazioartekoan—. «Oraingoz, badirudi posizio berezi bat daukala, ziurrenik ETAren eta Otegi buru duen 'posibilisten' artean 'ordezkari' funtzioa eginez».

(Frantziako Poliziaren Zuzendaritzaren Borroka Antiterroristako Koordinazio Unitatearen txosten konfidentziala, 2014koa).

Guardia zibilak, buru jo gabe

Guardia Zibilaren bi kide inportantek 2017ko urrian Historia de un desafío liburua argitaratu zuten (Desafio baten historia; Ediciones Peninsula), polizia indarrak «ETAren aurka» bost hamarkadetan egindako «borrokaz» euren bertsioa eta azalpenak emanez. Zehazki, Manuel Sanchez Corbi koronelak eta Manuela Simon Informazio Zerbitzuetako kideak idatzi zuten liburua, 1.200 orrialde pasakoa. Han diote 2004ko urrian Albisu ETAren «buruzagi nagusia» atxilotu ondoren ETAren liderrik «karismatikoenak» Josu Urrutikoetxea eta Garikoitz Aspiazu zirela, baina gero dakarte Xabier Lopez Peña izan zela, «ETAren talde politikoaren arduradun nagusi gisa», Albisu «ordezkatu» zuena. «Thierry-k [Lopez Peña] bere gain hartu zuen bere aurrekoak abian jarria zuena, eta ETA-Gobernua elkarrizketak izan ziren gidatu zuen konturik garrantzitsuena».

Guardia Zibilak ere Urrutikoetxea ez zuen ETAren zuzendaritzan kokatu. Izan ere, Historia de un desafío-k bigarren liburukiko 314. orrialdean dio Frantziako Poliziak Albisu atzeman ostean bost lagunek osatu zutela euskal erakundearen zuzendaritza: Lopez Peñak (2013an hil zen), Ainhoa Ozaetak, Igor Suberbiolak, Garikoitz Aspiazuk eta Mikel Karrerak. Lehen hirurak 2008ko maiatzean atxilotu zituzten, Bordelen (Okzitania), eta, guardia zibil haien esanetan, horren ondorioz Aspiazuk eta Karrerak hartu zuten ETAren zuzendaritzaren ardura. Urrutikoetxearen aipamenik ere ez orduan.

BERRIAk jorratutako iturrien esanetan, Urrutikoetxeak 2006ko udazkenean eten egin zituen ETArekiko harremanak. Azkeneko hilabeteetan desadostasunak zituzten prozesua eramateko moduaz. 2010ean hasi zen berriro gerturatze bat izaten, ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria adierazpena onartuta estrategia aldatzean —horren alde zen Urrutikoetxea ere—. 50 urteko ibilbideagatik-eta, 2011-2013an Osloko mahaian parte hartzea erabaki zuen, gatazkaren ondorioetan konponbidea lortzeko asmoz —David Pla eta Iratxe Sorzabal ere izan ziren han ETAren solaskidetzan—. Aurreko prozesuan, Urrutikoetxeak, ETAren ordezkari modura arituz betiere, 2005eko ekainaren 21ean egin zuen lehen bilera Espainiako Gobernuaren solaskidearekin: Jesus Egiguren PSE-EEren presidentearekin. Genevan (Suitza) elkartu ziren, President Wilson hotelean, Henri Dunant zentroak bitartekari lanak eginda. Jon Iurrebaso izan zen ETAren ordezkaritzako beste kidea. «Etakideak solaskide eta negoziazio taldeko kide gisa aurkeztu ziren —diote Sanchez Corbik eta Simonek, liburuan—, inoiz ez talde terroristaren buruzagi moduan».

2005eko azaro-abenduan Norvegian bildu ziren ordezkaritzak, Oslon, eta akordioaren oinarriak adostu zituzten. Egigurenen hitzetan, «bide orri bat osatzea zen helburua: Zapateroren adierazpena Euskadiko erabakiak errespetatzeaz; mahai politikoa eta teknikoa; ETAren su-etena; negoziazioan behatzaileak ere egotea…». ETAk 2006ko martxoan su-eten «iraunkorra» eman zuen, «prozesu demokratikoa bultzatzeko».

2006an, irailean azken bilera

2006ko irailekoa izan zen Urrutikoetxearen azken bilera saila 26, 27 eta 28an, Genevan. Hala berretsi izan dute PSOEren gobernuaren ordezkari Jose Manuel Gomez Benitez juristak —bere lehen bilkura zuen— eta Egigurenek. Kazeta honek Urrutikoetxearen inguruko iturrietatik ere konfirmatu du. Elkarrizketara orduan agertu zen aurreneko aldiz Lopez Peña, eta Sanchez Corbik eta Simonek, iraileko bilkura aipatzean, hura jo zuten «une hartan ETAren buruzagi goren» gisara; «ordutik agintea eta hitza hartuko zituen pertsona» zen. Halaber, idatzi zuten Urrutikoetxeak «negoziazio prozesuaren ikuspegi politikoagoa» agertu zuela, eta solaskidetza aldaketak «ETAren jarreran behin betiko aldaketa eszenifikatzen» zuela. Prozesua garatzeko ikuspegi desberdinak izateagatik, ordezkaritza egokitzea erabaki zuen ETAk.

2006ko abuztuan datatu eta iragarritako agiri batean, ETAk esan zuen Madrilen «errepresioa» zela-eta «prozesua krisi egoera nabarmen batean» zegoela, eta ohartarazi zuen «Euskal Herriaren aurkako erasoek» jarraituz gero «erantzun» egingo zuela. Barajasko T4 gunean atentatu bat egin zuen 2006ko hondarrean, artean tregoan zela. 2007an ere batzartu ziren ETAren eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak. Akordiorik ez; haustura. ETAk su-etena bukatutzat eman zuen ekainean.

Estatuen anparoan bietan

Espainiaren aldetik, Kongresuaren gehiengoaren baimenarekin (2005eko maiatza) eta Jose Luis Rodriguez Zapatero gobernuburuaren adierazpen publikoaren bermearekin (2006ko ekaina) hasi zuten elkarrizketa prozesu hura. Madrilen eskariz, Suitzak eta Norvegiak ETAren ordezkariei babes diplomatikoa eman zieten. Egigurenek esan izan du Urrutikoetxea eta biak Oslora behin Norvegiaren zerbitzu sekretuetako hegazkinean eraman zituztela. Frantziak ere bazeukan prozesuaren berri, eta bermeak eskaini zituen ETAren mintzaideak bere lurraldean mugitzeko. 2011-2013koa ere nazioarteko komunitatearen anparoan izan zen. Hala, defentsa abokatuek uste dute Frantziak, akusatuaren aurka eginda, arriskuan jartzen duela gatazka prozesuetako mintzaideen immunitate judiziala. Urrutikoetxeak Parisen jarrera salatu berri du Marianne Frantziako aldizkariko elkarrizketan.

2013 hasieran Osloko mahaia desegin zenetik, Urrutikoetxea bere kabuz ibili zen, harik eta 2018an ETAren bukaeraren adierazpena leitu zuen arte. Frantziako Poliziak iaz atxilotu zuen, Alpeetan. Ondoren, atzo bezala, nazioarteko eragile askok nabarmendu izan dute euskal gatazkaren konponbidearen lan alde egin zuela aurreko bi hamarkadetan; hark ere horixe adierazi du Marianne-n. Kontrako iritziak ere azaldu dira.

Joan den uztailaren 30etik libre dago, Dei Auzitegiak baldintzak jarrita. Kasurako, Parisen bizi behar du. Hantxe epaituko dute. Lehen auzi saioa, datorren astean.

---
Prozesu denetarako izendatua (1989, Aljer; 1999, Suitza; 2005-2006, Geneva, Oslo; eta 2011-2013, Oslo)

(Josu Urrutikoetxea, pasa den igandean, Parisen, BERRIArentzako ateratako argazkietako batean. EÑAUT CASTAGNET)

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Aginako, 2013ko uztailean, Auzitegi Nazionalean haren aurka eginiko epaiketan. ©CHEMA MOYA / EFE

Asier Aginako euskal preso ohia hil da, hilabeteetan minbiziarekin egon ostean

Jon O. Urain

2019ko urtarrilean utzi zuten libre, lehen ebakuntza egin eta bi astera. Espetxe sistemak presoen osasunean duen eraginaz ohartarazi dute
Bilbaoren egoera salatzeko manifestazio bat, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Iñaki Bilbao euskal presoa erietxera eraman dute

Berria

43 egun daramatza gose greban, eta, AEMren arabera, bere borondatearen aurka ari zaizkio elikagaiak ematen
Ehunek atzo legebiltzarraren inguruan eginiko mobilizazioa. ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Benetako burujabetza» babestu dute, Eusko Legebiltzarra inguratuta

Jon O. Urain

Ehun-ek deituta egin dute mobilizazioa; mugimenduak nabarmendu du egungo eredu autonomikoa «giltzarrapo gisa pentsatu» zutela
Aginako, 2013ko uztailean, Auzitegi Nazionalean haren aurka eginiko epaiketan. ©Chema Moya / EFE

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna