Nafarroako Gobernuak aholkatzen du etxe berekoekin soilik elkartzea

Kaleratu du gaur gauerdian indarrean sartuko den foru araua, eta, han adierazten duenez, beste lurraldeetako herritarrek badaukate Nafarroa zeharkatzea, betiere «jatorria eta helmuga handik kanpokoak badira»

Iruñeko Alde Zaharreko taberna bat. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko urriaren 21a
17:08
Entzun

Astelehen arratsaldean iragarritako neurriak zehatz-mehatz bildu ditu Nafarroako Gobernuak 57/2020 foru arauan, eta gauerdian kaleratu baino ordu batzuk lehenago plazaratu du edukia. Berezitasunetako bat da gobernuak aholkatu egiten diela herritarrei etxe bereko edo bizikidetza burbuila bereko pertsonekin egotea soilik eremu pribatuan. Astelehenean zalantza zegoen hori agindua ote zen edo ez, eta aholkua da azkenik. Betebeharra izango da bilkurak gehienez sei lagunekoak izatea.

Foru arauan arrazoitzen denez, kutsatze gehienak arlo pribatuan eta sozialean ematen dira. Gaur egun, 399 agerraldi aktibo daude Nafarroan: %35 sendi barrukoak, %38 inguru sozialekoak eta %14, bien arteko nahasketa bat. Halaber, nabarmendu du kutsatzea «azkar eta modu nabarmenean» zabaltzen ari dela.

Neurriak gauerdian indarrean sartuko badira ere, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du oraindik azken hitza esan, eta ikusteko dago epaileek  osorik babestuko ote duten foru araua. Neurriok azaroaren 4ra arte iraungo dute.

Mugitzeko salbuespenak

Alde batetik, Nafarroatik sartu edo irteteko deebekua ezarri da, baina hainbat salbuespen ezarri dituzte: esaterako, ospitale edo osasun etxe batera joan behar izatea, ikasketa, lan kontuak edo adineko zein menpeko edo ezgai den pertsona baten zaintza. Kirol arloan, lehia profesional batera joan behar duen kirolariak edo estatuko eremuren batean parte hartzen duten taldeak Nafarroatik atera daitezke. Kirol ez-profesionaletan, «lehen edo bigarren mailako» kirolariek ere bidaiatu dezakete. Azkenik, Nafarroatik kanpoko herritarrak lurraldean barrena ibil daitezke, baldin eta zeharkatzeko bada; hots, «jatorria eta helmuga Nafarroatik kanpo egonez gero».

Bigarrenik, tabernek eta jatetxeek ateak itxiko dituzte. Haien zerbitzua eskaintzen duten bestelako negozioek, hala nola okindegiek, ogia edo eramateko kafea sal dezakete. Hotelen edo landetxeen kasuan, bertan ostatu hartu duten bezeroei eman diezaiokete jatera. Txanda hartuz gero, jatetxe eta tabernek etxean kontsumitzeko zerbitzua eman dezakete. Salbuespen gisa, debekuak funtsezko zerbitzuei eraginez gero, baimen bereziak eman daitezke (ez du aipatzen, baina aukeretako bat dira garraiolariei jaten ematen dieten errepideko zerbitzuak).

Hirugarrenik, hiriko garraio zerbitzua erdira murriztuko da. Leihatilak edukiz gero, erdiak irekita egongo dira, egoki aireztatzen dela ziurtatzeko. Aurreko foru arauan adierazten zen bezala, garrantzi berezia ematen zaio oro har aireztatzeari. «Zientziak gero eta nabarmenago eta sendoago du frogatuta gaizki aireztatutako toki itxietan eta barnealdetan transmititzen dela birusa. Ondorioz, erabilera publikoko jarduerek ahalik eta gehien aireztatu beharko dute egoitza, gutxienez egunean hiru aldiz».

21:00etarako dena itxita

Oro har, saltokiek eta gainerako jarduerek 21:00etan itxi egin beharko dituzte ateak. Saltoki handi eta txikietan edukiera %40ra mugatuko da. Saltoki handietan, korridoreak eta igarobideak soilik alde batetik bestera joateko erabil daitezke eta ezingo da bertan egon. Akademia, auto eskola eta hizkuntz eskola ofizialaren moduko hezkuntza zentro ez-arautuetan, edukiera %40koa izango da.

Aurreko foru arauan bezala, edukiera %30era mugatuko da hainbat egoitzatan: adibidez, elizetan, liburutegietan, museoetan, kiroldegi barruan (kanpoan %40koa da), igerilekuetan eta haur parkeetan. Muga horrekin baina Nafarroako Gobernuak baimentzen du parkeen erabilera, eta horregatik aurretik ezarritako debekua altxatu egin du Iruñeko Udalak.

Zahar etxeei dagokionez, bisitak egiteko debekuak indarrean jarraituko du, aurreko foru arauan zehaztu bezala. Salbuespen batzuk ezartzen dira; adibidez, egoiliarra hilzorian izatea edo egoera psiko-afektiboak nabarmen okerrera egitea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.