POLITIKA

Eusko Legebiltzarra inguratu dute, euskal errepublikaren alde egiteko

Ainhoa Gutierrezek eta Unai Apaolazak azaldu dute egungoa «tutoretzapeko autonomia» dela, «benetako burujabetza giltzapetzeko kaiola».

jon olano
2020ko urriaren 22a
13:21
Entzun

Ehunka lagun batu dira gaur eguerdian Gasteizen, Eusko Legebiltzarra inguratzeko. Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimenduak deitu du mobilizaziora, eta 12:00ak pasa zirela hasi da jendea parlamentuaren inguruan batzen, zinta batekin, elkarren arteko distantzia mantentzeko. Bakoitzak bere lekua hartuta, kolore ugaritako kea zabalduz koloreztatu dute legebiltzar ingurua. Osoko bilkura zuten eraikinaren barruan, baina protestara atera da Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea.

Igandean 41 urte beteko dira Gernikako Estatutua onartu zenetik, eta, parlamentuko atarian, Unai Apaolaza eta Ainhoa Gutierrez Ehuneko bozeramaileek gogoan izan dute efemeridea: «Hemen bildu gara, EAEko Autonomia Estatutuaren 41. urteurrenean, esateko Autonomia Estatutuek eman dutela eman zezaketen guztia». Izan ere, Gutierrezen eta Apaolazaren arabera, «marko autonomiko espainiarrak etorkizun ilunago bat besterik» ezin du eskaini, eta horretan jarraituz gero etorkizunak okerrera egingo duela nabarmendu dute: «Autonomia espainiarren mugak onartuz gero, zulora goaz».

Gernikako Estatutua eta Nafarroako Foru Hobekuntza sortu zireneko giroa eta «sable zaratak» ekarri dituzte gogora, uste baitute lege horiek «burujabetza nahiari topea jartzeko» sortu zirela: «Autonomia estatutu hauek, euskal herritarroi burujabetza emateko baino, euskal herritarrok burujabetza gehiago ez lortzeko giltzarrapo gisa pentsatu ziren».

Horregatik, uste dute iritsi dela «argi hitz egiteko» garaia: «Autonomia estatutuak trikimailuak besterik ez dira izan, txikikerien inguruko erabakiak hartzeko ahalmena oparituz gure bizitza eta lurraldeen gaineko erabakiak hartzen ditugula sinetsarazteko. Horregatik, tutoretzapeko autonomia hauek benetako burujabetza giltzapetzeko kaiolak direla diogu. Betiko elite ekonomiko, politiko eta kulturalek irabazten jarraitzeko beharrezkoa duten kaiola».

 «Garai nahasiak» iragarri dituzte, eta, horietatik «onik ateratzeko», Ehunek uste du «gero eta burujabetza handiagoa” izatea beharrezkoa dela: «Espainiako Estatuaren menpe dauden autonomia hauetatik, eliteek gure ordez hartzen dituzten erabakien ondorioz, gero eta soldata baxuagoak, pentsio baxuagoak, osasungintza murritzagoa, hezkuntza kaskarragoa, bizitza ezduinagoak... besterik ezin dugu espero». Ildo horretan, Apaolazak eta Gutierrezek nabarmendu dute Espainiaren marko autonomikoa ez dela gai «burujabetza herriarengan uzteko». Horrela, ohartarazi dute legebiltzarrak ez dituela herritarrak «salbatuko» eta euskal herritarrentzat «hondamendia» dela: «Horregatik, gaur eta hemen, benetako burujabetza behar dugu. Gaur eta hemen, Euskal Errepublika bat behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.