Euskal presoak

Aske geldituko da Frederic Haranburu 'Xistor'

Euskal presoa baldintzapean askatzeko eskaera onartu du Dei Auzitegiak. Kasazio Auzitegian helegitea aurkezteko aukerak egon badaitezke ere, erabakia aplikatuko dela baieztatu du Maritxu Paulus Basurko abokatuak. Baldintzapean aske gelditu da Fernando Alonso Abad euskal presoa.

jarraia188871.jpg
Ekhi Erremundegi Beloki.
2020ko urriaren 27a
13:58
Entzun

Oraingoan bai: presondegitik aterako da Frederic Haranburu Xistor euskal presoa. 30 urte presondegian pasatu ondotik, baldintzapean askatzeko eskaera onartzea erabaki du Dei Auzitegiak gaur arratsaldean. Joan den irailaren 24an aztertu zuten haren eskaera, eta, terrorismoaren kontrako fiskaltzak kontrako iritzia agertu bazuen ere, gaur baiezkoa eman dio epaileak.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak BERRIAri azaldu dionaz, Kasazio Auzitegian helegitea ezar lezake oraindik fiskaltzak; «aukera gutxi daude», baina erabakia gauzatu egingo da hala ere. Efe agentziaren arabera, azaroaren 24tik aitzina atera beharko luke Lannemezango (Okzitania) presondegitik. Paulus Basurkok azaldu du proba epe bat izanen duela hasieran, eta eskumuturreko elektronikoa eraman beharko duela.

 

1990eko apirilean atxilotu zuten Haranburu, eta bizi osorako kartzela zigorra ezarri zioten, ETAren Argala komandoko kide izatea leporatuta. 30 urte baino gehiago daramatza presondegian. Azken urteetan, mobilizazio bat baino gehiago antolatu dituzte hura askatzea eskatzeko. 2015ean aztertu zuten epaitegiek lehen aldiz hura aske uzteko aukera. Ordurako 25 urte zeramatzan preso.

Haranbururen kasua ezaguna egin da azken urteetan, Jakes Esnalenarekin batera. Irailaren amaieran ukatu egin zuten hura baldintzapean aske uztea,

Fernando Alonso Abad, baldintzapean aske

Fernando Alonso Abad euskal presoa baldintzapean aske gelditu da 24 urte presondegian eman ondotik. Espainiako hainbat presondegitan egon da orain arte, eta hirugarren graduan eman ditu azken hilabeteak, Martutenen (Gipuzkoa). Apirilean onartu zioten erregimen malgutzea, baina, koronabirusak eragindako krisiaren ondorioz, hilabete batzuk geroago gauzatu zen.

1996an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Andoni Murga Zenarruzabetiarekin batera, ETAko kidea izatea leporatuta. Egin egunkariko kazetariak ziren biak. Presondegian egon den urteetan zehar liburu bat baino gehiago idatzi ditu Alonso Abadek; horien artean, El repartidor de sueños (amets banatzailea) ipuin bilduma, 2000. urtean, eta ¿Por qué luchamos los vascos? (zergatik borrokatzen gara euskaldunok?) saiakera, 2004. urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.