«Trumpek Amerika handi egingo du berriz»

AEBetako presidentearen alaba, Ivanka Trump, Miamin izan da, Alderdi Errepublikanoaren aldeko botoa eskatzen.

Ivanka Trump, Miamin. GIORGIO VIERA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 28a
02:48
Entzun

Bayfront Parkera hurbilduz joan ahala, Poliziaren autoek ohartarazten dute badela zerbait ezohikoa bertan. Bozgorailuetako musikak erakarrita, gerturatuz doa jendea, eta, taula gainean jarritako AEBetako bandera erraldoia ikusita, ez da zalantzarik hauteskunde kanpainako ekitaldi bat hastear dela. Inguru guztian jarritako «Trump Pence» dioten kartelek, berriz, argi uzten dute hura ez dela demokraten aldeko jaialdi bat.

Florida estatu garrantzitsua da hauteskunde hauetan; izan ere, han irabazi beharra daukate errepublikanoek Etxe Zurira helduko badira. Hori dela eta, azken asteetan ekitadi ugari egin dituzte bai errepublikanoek eta bai demokratek han. Joan den larunbatean bertan, Barack Obama presidente ohia izan zen Miamin, Joe Biden hautagai demokrataren aldeko botoa eskatzen. Astearte honetan, Ivanka Trump AEBetako presidentearen aholkulari eta alabaren txanda izan da.

Estatuburuaren bidetik jo du Ivanka Trumpek, eta gehiengoz hispanoa den ikusle taldearen aurrean, ohartarazi du AEBak «sozialismora» bideratu nahi dituela Bidenek, baina buruzagi errepublikanoak ez duela sekula halakorik onartuko: «Amerika ez da sekula sozialista izango. Presidenteak eten egingo du Bidenek eta Obamak Castrotarrekin egindako akordioa».

Estatuburuaren alabak Maximiliano Alvarez erbesteratu kubatarrari eman dio hitza. Alvarez ezagun egin da Youtubeko bere bideoetan Trumpen aldeko kanpaina egiten duelako, baina, batez ere, Alderdi Errepublikanoen batzarrean kubatar-estatubatuarren ordezkari gisa hitz egin zuelako. Alvarezek eskerrak eman dizkio Trump familiari «erbesteratuen alde» egindako lanarengatik, eta hautagai errepublikanaren alde bozkatzera deitu ditu hautesleak.

Trumpek Poliziaren lana ere goraipatu du, eta nabarmendu presidenteak beti jarraituko duela segurtasun indarrak babesten. Ivanka Trumpen hitzak txalo zaparrada batekin hartu dituzte ekitaldira bildutako mila ikusle inguruk. Hala, Trumpek berretsi du bere aitak bete egiten duela emandako hitza, eta iragarri Donald Trumpek «Amerika handi egingo» duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.