Euskal presoak

Foro Sozialak salatu du urrian hogei preso eduki dituztela bakartze moduluetan

Bigarren lan monografikoa kaleratu du motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokiak, bakartzeaz eta erregimen itxiaz. Espetxe legedian aurrera egiteko trabak dauzkate bakartuta dauden presoek, Foro Sozialaren arabera.

Bakartze moduluetako ziegetako leihoan sareak dituzte barroteez gain. Irudian, Puerto III espetxea, hesiz inguratua. MADDI ANE TXOPERENA IRIBARREN
maddi ane txoperena iribarren
2020ko urriaren 29a
11:28
Entzun

Foro Sozial Iraunkorrak ekainean sortu zuen motibazio politikoko euskal presoei aplikatutako espetxe politikaren behatokia, eta, aurkezpenean jakinarazi zuenez, sei hilean behin txosten monografiko bat kaleratuko dute euskal presoen egoeraren berri emateko. Bada, bigarrena kalean da jada, eta bakartzea eta erregimen itxia izan dituzte langai aurkeztu berri duten bigarren txostenean. Lanean zehazten denez, urriaren hasieran hogei euskal preso zeuden bakartze moduluetan: hemeretzi gizon eta emakume bat. Andaluziako Kordoba, Sevilla eta Huelvako kartzeletan eta Madrilgo Estremera eta Soto del Realgo espetxeetan zeuden presook —Foro Sozialak berak jakinarazi du horietako batzuk modulu arruntetara aldatu zituztela urri bukaeran, baina halere salatu nahi izan duela egoera—. Gaur egun hamalau euskal preso daude halako moduluetan.  

Foro Sozialak ohartarazi duenez, bakartze moduluak gehienez hamalau eguneko zigorrak betetzeko diseinatuak daude, baina modulu horietan dauden euskal presoetako gehienek hamar urte baino gehiago daramatzate: «Batzuek, hogei urte baino gehiago». Foroak zehaztu du bakartze moduluetako bizi baldintzak «zigor gisa» prestatuak daudela, eta, beraz, «oso gogorrak eta murriztaileak» direla: «Horregatik du hamalau eguneko gehienezko iraupena». Euskal presoen kasuan, ordea, bizi baldintza horiek urte anitzekoak dira: «Modulu horiek erregimen itxia betetzeko erabiltzen dituzte». Foro Sozialak salatu du baldintza horietan urteak igarotzeak «zailtasun» ugari ekartzen dizkiela presoei: «Ikasketak egiteko, giza harremanetarako, baita osasun fisiko eta mentalerako ere». Espetxe legedian aurrera egiteko arazoak ekarri dizkie horrek, era berean. Honela dio, erraterako, espetxeko erregimen itxian 25 urte egin dituen Iñaki Alonso preso ohiak —abuztuan atera zen espetxetik, azken urteak bakartze moduluan igarota— espetxe legedia betetzeari buruz: «Ezin zaio eskatu jendeari bide hori egiten hasteko eta, egiten hasten direnean, bidea itxi».

Kordobako adibidea

Kordoban dauden euskal presoek gutun bat bidali zioten uztailean Foro Sozial Iraunkorrari, hango egoera azaltzeko, eta gutunean idatzitakoak eta ondoren Alonsorekin eta haren abokatu Onintza Ostolazarekin egindako bilera bat ditu abiapuntu Behatokiak egindako txostenak. Gutun hartan, presoek bakartze moduluetako egoera azaldu zioten Foro Sozialari: han idatzi zutenez, zigorretarako prestatuak daude bakartze moduluak, eta, beraz, «etengabeak dira oihuak, eztabaidak eta borrokak». «Eguneroko ogia dira paniko atakeak, antsietatea eta brote psikotikoak», jarraitzen du gutunak. Bertze presoen eta funtzionarioen jarrera oldarkorrak ere ohikoak izaten dira, zehaztu dutenez.

Kordobako euskal presoek, gutun horretan, azaltzen dute espetxeko zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu zirela, baina modu horretan deus lortu ez zutenez haratago jotzea erabaki zutela: Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusira, hain zuzen. Presoek gutunean salatzen dutenez, hain zuzen, 2017tik saiatu dira espetxe legedia betetzeko urratsak egiten; besteak beste, egindako mina onartuta eta indarkeriari uko eginda: «Baina egin ditugun urratsak baloratzeko partez, aipaturiko bizi baldintzetara zigortzen gaituzte, guri ez dagokigun modulu batean». 

Iñaki Alonso preso ohiak eta harekin batera preso zegoen Iñaki Casasek gradu progresioa abiatu ahal izateko tratamendu programa batean sartzea eskatu zuten, txostenak aipatzen duenez, eta azkenean eman egin zieten programa, baina «seriotasunik gabea» zela salatu du Alonsok: «Aldiro profesional ezberdinek artatzen gintuzten; ez zuen jarraitutasunik, ez edukietan, ez denboran». Gainontzeko presoek ere eskatu zuten programan sartzea, eta ukatu egin zieten, hasieran: Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu zien, azkenean. Baina Alonsok azaldu du ez duela deus espero programatik: «Hiru urtez egon nintzen programan. Ez zuen fruiturik eman». Urriaren 2an, oraindik ere hiru euskal preso zeuden Kordobako bakartze moduluan: urriaren 18 eta 20an aldatu zituzten modulu arruntera. Foro Sozialaren txostenaren arabera, hamalau dira gaur egun bakartze moduluan dauden euskal presoak: sei Huelvako espetxean daude, bertze sei Sevillan, eta bi Soto del Realen.

«Ez dago ezer»

Behatokiarekin egindako bileran, Kordobako bakartze modulua deskribatu zuen Alonso preso ohiak: «Ziegako leihoaren aurrean, hiru bat metrora, pareta handi bat dago: hori eta zeru zati bat da ikusten duzun bakarra». Leihoetan, gainera, barroteez gain sare bat dagoela azaldu du, eta «itsugarria» dela: «Azken 11 urteotan lau betaurreko pare eduki ditut: ikaragarria da miopia nola handitzen den». Alonsok dio, halaber, ziegan ez daukatela «ezer»: «Ikasi ahal izateko, flexo bat lortu genuen, baina ez zen normala izan hori lortzeko egin behar izan genuen prozesua». Patioak txikiagoak dira, materiala okerragoa, eta osasun zerbitzua ere eskasa, Alonsoren hitzetan.

Onintza Ostolaza abokatuak txostenean azaltzen duenez, bakartze moduluetan gehienez lau orduz ateratzen dira presoak patiora, eta, beraz, eguneko gainontzeko hogei orduak bakarrik igarotzen dituzte: otorduak ziegan egiten dituzte, erraterako. Horrez gain, ez daukate jarduera programaturik egiteko aukerarik. Galeriaz osatuta daude moduluak, eta «erresonantzia kaxen gisa» jokatzen dute: «Edozein zarata entzuten da». Lehen graduan egotea jada «salbuespenezko» egoera dela eta bakartze moduluetan egotea are salbuespenezkoagoa dela salatu du txostenean Ostolazak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.