Euskara

Euskaraldian 70.000 pertsonak eman dute izena orain arte

Izena eman dutenen artean, %20k ez zuten  parte hartu I. Euskaraldian. Egoera berezian bada ere parte hartzeko deia egin dute antolatzaileek.

jarraia189040.jpg
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko urriaren 30a
11:22
Entzun

Dagoeneko 70.000 pertsonak eman dute izena azaroaren 20an abiatuko den II. Euskaraldian parte hartzeko. Egitasmoa abiatu bezpera arte egongo da aukera ahobizi edo belarriprest rolak hautatzeko, eta antolatzaileek bat egiteko deia egin diete herritarrei. Orain arte izena eman dutenen %20k ez zuten parte hartu ariketa sozialaren lehen aldian.

Euskaraldia sustatzen ari diren eragileak jakitun daude egoera berezian egingo dela aurtengoa, COVID-19 gaitzak erasandako giro batean. Baina gogorarazi dute “parte hartzaileen hizkuntza ohituretan eragitea eta bakoitzaren harreman sareetan euskara gehiago erabiltzea dela helburua”. Hori aintzat hartuta, euskara ulertzeko eta hitz egiteko gai diren herritarrei dei egin diete antolatzaileek: “Bakoitzak bere inguruko harreman sareetan —etxean, lanean, komertzioetan, lagunartean edo Internet bidezko harremanetan— hizkuntza praktikak aztertu eta euskara gehiago erabiltzeko aukera baliatu dezala”.

Izena emateko, hiru bide daude:www.euskaraldia.eus webgunearen bidez, herriz herri sortu diren Euskaraldiaren batzordeeetan izena emanez, eta sakelako telefonoetarako sortutako aplikazioaren bidez. Antolatzaileek hiru dei egin nahi dituzte, bereziki: batetik, lehen aldian parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest-ei, berriz ere parte hartu dezaten; ariguneetan parte hartuko dutenei, bestalde, gogorarazi diete euren entitateek izena eman duten arren rol batean ala bestean izena emanda egon behar dutela; azkenik, aurreko aldian parte hartu ez zutenei ere dei egin die aurten bat egin dezaten.

Orain arte emandako datuak aintzat hartuz gero, aurreikusi daiteke aurtengoak ere erantzun zabala izango duela. 70.000 norbanakok izena emateaz gain, 6.737 entitatetan 25.000 arigunetik gora ere sortuko dira, eta Euskal Herri osoko 421 herritan sortu dira Euskaraldia sustatzeko batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.