OKUPAZIOA

Gasteizko gaztetxearen aldeko aldarria egin dute dozenaka eragilek

Urri hasieran udaltzaingoak izandako jokabidea salatu dute 50 bat eragilek, eta nabarmendu dute gaztetxeak irekita egon behar duela.

Gasteizko Gaztetxearen aldeko aldarria egin du gaur eguerdian herri mugimenduak, Plaza Berrian. GASTEIZKO HERRI MUGIMENDUA
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko urriaren 30a
13:51
Entzun

Gasteizko gaztetxea zabalik nahi dutela aldarrikatzeko, agerraldi bat egin dute hiriko 50 bat eragilek, Gasteizko Plaza Berrian. Hain zuzen, urriaren 5ean sartu zen Udaltzaingoa gaztetxean, osasun arrazoiak argudiatuta, eta, besteak beste, bertan bilduta zeuden gazteak identifikatu zituen. Eragileek azpimarratu dute gertakari horien atzean ez daudela osasun arrazoiak, baizik eta politikoak: «Hala balitz, espazioa kudeatzen duen asanbladarekin harremanetan jarriko lirateke, protokoloen berri emateko eta horiengatik galde egiteko».

Eragile horien arabera, osasun egoeraren jakitun, gaztetxeak «arduraz» jokatzen du, hala egin behar dela ulertzen duelako. Nabarmendu dute sortzaileen, herri mugimenduaren, etxebizitza eskubidearen aldeko edo arrazakeriaren kontrako etxea ere badela gaztetxea, eta, ondorioz, horien jarduna aurrera eramateko gerturatzen direla bertara herritarrak, betiere segurtasun neurriak oinarri hartuta. Areago, COVID-19aren ondorioz ezarritako neurrietan lehentasuna zerk duen ere argi dute, gaztetxea eremu horietatik kanpo utziz: «Ez da negozio bat, ezta enpresa bat ere; balioetan oinarritzen da. Ulertzen dugu, honek zuen logika hankaz gora jartzen du, badakigu zeintzuk diren zuen lehentasunak». Kideek aitortu dute «zorionez» gaztetxea ez dagoela instituzioek kudeatzeko duten gaitasunaren menpe.

Gasteizko eragile horien arabera, Gasteizko gazteek eskatzen dute «antolatu eta ekiteko espazio bat», eta, beraz, gaztetxeko atea irekita mantendu behar dela aldarrikatu dute. «Ate bat zabalik elkartasunari, ate bat zabalik protestari, ate bat zabalik Gasteiz aldarrikatzeari, ate bat zabalik sormenari, ate bat zabalik ardura sozialari».

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.