Memoria

Aurtengo Memoriaren Egunak gazteak hartuko ditu aintzat

Azaroaren 10ean ekitaldia egingo dute Gogora institutuak Bilbon duen egoitzan

Agintariak, Memoriaren Egunaren iazko ekitaldian. JUANAN RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2020ko azaroaren 2a
12:05
Entzun

«Atzera begiratu aurrera jarraitzeko» izango da aurtengo Memoriaren Egunaren goiburua, eta batez ere gazteak haurtuko ditu aintzat, «haiek direlako etorkizuna». Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek azaldu duenez, iragana, oraina eta etorkizuna «kate bereko katebegiak» dira, eta beharrezkoa da iraganari «begirada berri, kritiko, ausart eta etikoaz» so egitea «Euskadi justuago eta kohesionatuago bat» lortzeko.

Artolazabalek esan duenez, gakoa ez da besterik gabe «orria pasatzea». Haren ustez, beharrezkoa da atzera begiratzea iraganetik ikasteko eta «zauriak ondo ixteko». Haren irudiko, gertatutakoaren inguruko analisiak askotarikoak izan daitezke, baina gizarteak gauza izan beharko luke «indarkeriaren zentzugabekeriaren deslegitimazioan eta giza eskubideen urraketen gaitzespenean» ados jartzeko. «Ez dago giza duintasunaren gainetik dagoen kausa politiko edo estatu arrazoirik», esan du.

Jose Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusi berriak nabarmendu du aurtengo kanpainak gazteengan jartzen duela fokua. «Gazteek badute eskubidea eta obligazioa iraganari begirada berri eta garbiaz so egiteko; badute eskubidea eta obligazioa zer gertatu zen jakiteko», esan du. Rodriguez Ranzek irakaskuntzaren arloan abian jarri dituzten programa eta ekinbideak azaldu ditu, eta erantsi du 30.000 gazte inguruk izan dutela biktimen testigantzak zuzenean jasotzeko aukera.

Gogora institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok azaldu ditu aurten Memoriaren Egunerako prestaturiko ekinbideak. Pandemiak sortutako egoera dela eta, aurten ez dute elkarretaratzerik sustatuko, nahiz eta zenbait herritan udalek horrelakoak antolatuko dituzten, eta, batez ere, zenbait material jarriko dute udal eta ikastetxeen esku: besteak beste, gazteen testigantzak biltzen dituen bideo labur bat.

Gainera, azaroaren 10ean ekitaldia egingo dute Gogorak Bilbon duen egoitzan, 17:00etan. Iñigo Urkullu lehendakaria han egongo da, baina, pandemiak ekarritako murrizketen ondorioz, aurreko urteetan baino gonbidatu gutxiago egongo dira ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.