Nork aukeratzen du presidentea?

Ezohiko sistema batekin aukeratzen dute estatubatuarrek presidentea. Bihar, hautatzaileen batzar bat osatuko duten konpromisarioak hautatuko dituzte, eta horiek abenduaren 14an egingo dute azken bozketa.

Hautesle bat, Marylanden, botoa aurretik ematen, gaur. MICHAEL REYNOLDS, EFE
jon ordonez garmendia
2020ko azaroaren 2a
17:00
Entzun

AEBetako hauteskunde sistema berezia da. Beste herrialde askotan bezala, hautesleek ez dute zuzenean bozkatzen nor izango den presidentea. Eusko Legebiltzarrean, Nafarroako Parlamentuan eta Euskal Elkargoan bezala, zeharkako hauteskunde sistema dute AEBetan: boto emaileek euren ordezkariak aukeratzen dituzte, eta haiek aukeratzen dute gero lehendakaria, beste bozketa batean. Hori baino ezohikoagoa da, ordea, estatubatuarren sistema. Demokrazia gehienetan eta Euskal Herriko hiru kasu horietan, herritarrek agintaldi horretan ordezkatuko dituzten ganberen bitartez egiten dute aukeraketa hori, parlamentarien bitartez. Baina AEBetan ez da hala; Senaturako eta Ordezkarien Ganberarako hauteskundeak ere egingo diren arren, presidentea ez dute ez senatariek ez kongresukideek aukeratuko, hautatzaileen batzarrak baizik. Eta, presidenteaz gain, presidenteordea nor izango den ere aukeratzen du.

Zer da hautatzaileen batzarra?

Presidentea aukeratzeko sortzen den beste organo bat da hautatzaileen batzarra. Hauteskundeak egin ondoren osatzen da, eta presidentea izendatu ondoren desegiten. 538 ordezkari edo konpromisario ditu, eta, gehiengoa izateko, presidentegaiek 270 boto behar dituzte. Estatu bakoitzak bere ordezkari kopurua dauka.

Zenbat ordezkari dagozkio estatu bakoitzari?

Senatuan eta Ordezkarien Ganberan dituen ordezkarien kopuruen batura dagokio estatu bakoitzari hautatzaileen batzarrean. Estatu bakoitzak bi ordezkari ditu Senatuan; beraz, Ordezkarien Ganbera duten kopurua baino bi aldiz handiagoa izango da konpromisarioena. Marylandek, adibidez, bi senatari ditu Senatuan, eta zortzi Ordezkarien Ganberan: ondorioz, hamar konpromisario aukeratuko dituzte presidentetzarako hauteskundeetan, hautatzaileen batzarrean ordezkatu dezaten.

Zer estatuk du ordezkari gehien?

Senatuan estatu guztiek bina ordezkari dituzten arren, Ordezkarien Ganberan demografiaren arabera banatzen dira ordezkariak. Hori horrela, gehien populaturiko estatuek dute ordezkari gehien hautatzaileen batzarrean, Ordezkarien Ganberan bezala. Kalifornia da buru, eta, presidentetzarako bozetan, 55 konpromisario dauzka. Horren ondoren, Texas (38), New York eta Florida (29), eta Pennsylvania eta Illinois (20) daude.

Zer estatuk du ordezkari gutxien?

Ordezkari gutxien dituzten estatuen artean milioi bat biztanletik behera duten estatuak daude: Montana, Delaware, Hego Dakota, Alaska, Ipar Dakota, Vermont eta Wyoming. Horiek guztiak hiru ordezkari dituzte. AEBetako 50 estatuez gain, Washington hiriburua (ez nahastu Washington estatuarekin) barruan hartzen duen Columbiako barrutiari ere konpromisario kopuru jakin bat dagokio; kasu horretan, konpromisario gutxien dituen estatuari adina dagozkio.

AEBetan menpeko lurraldeek ez dute ordezkaririk presidente aukeratzeko hautatzaileen batzarrean, nahiz eta badituzten Senatuan. Puerto Rico, Guam, Birjina Uharte Amerikarrak, Ipar Marianak eta Samoa Estatubatuarra dira lurralde horiek.

Nola erabakitzen da banaketa?

Estatu ia guztietan boto gehien jaso dituenak bereganatzen ditu estatu horri hautatzaileen batzarrean dagozkion konpromisarioak. Berdin du estatu horrek hiru ordezkari izan, Montanaren kasuan bezala, edo 55, Kaliforniak bezala. Berdin du boto aldea zein izan den. 2000. urtean, George Bushek Floridan 537 botorengatik irabazi zituen estatu horri zegozkion 29 ordezkariak, eta horiei esker heldu zen Etxe Zurira.

Bi salbuespen ditu sistema horrek: Maine (4) eta Nebraska (5). Maineri lau konpromisario dagozkio hautatzaileen batzarrean, eta horietatik bi estatu horretan boto gehien jasotzen dituen presidentegaiak jasotzen ditu. Beste biak Maine osatzen duten bi barrutietan irabazten dutenentzat dira.

Nebraskari bost konpromisario dagozkio. Mainen bezala, horietatik bi estatu horretan boto gehien jaso dituen alderdiari ematen zaizkio, eta gainontzeko hirurak Nebraska osatzen duten hiru barrutietan irabazten dutenentzat dira.

Zer dira estatu aldakorrak?

Estatu bakoitzaren demografiaren ezaugarriengatik, horietako batzuetan ez da aldaketarik izan urte askoan, eta aurten ere horietan ezustekorik ez egotea espero da. Horregatik, kanpainan ez demokratek ez errepublikanoek ez dute ahalegin handirik egiten horietan, batzuen eta besteen gotorleku direlako. Demokratek segurutzat dauzkate New York (29), Oregon (7) eta Illinois (20), adibidez, eta errepublikanoek, Utah (6), Kansas (6) eta Alabama (9).

Badira, ordea, hauteskunde batzuetatik besteetara joera aldatzen duten estatuak. Horiek dira estatu aldakorrak (ingelesez, swing states). Hauteskundeak horietan daude jokoan, eta presidentegaiek ere horietan egiten dute kanpaina, batik bat.

Zeintzuk dira estatu aldakorrak?

Aurten zalantza gehien 11 estatutan dago. Horietako batzuk ohiko estatu aldakorrak dira: Florida (29), Arizona (11), Wisconsin (10), Michigan (16), Pennsylvania (20) eta Ipar Carolina (15). Badaude, ordea, gehiago ere. Eta ezustekoak ere ezin dira baztertu. Texasen (38), 1976tik hautagai errepublikanoaren alde bozkatu izan dute, baina aurtengo inkestek iragarri dute joera hori irauli egin daitekeela.

Noiz jakingo da emaitza?

Bozkalekuak 19:00etan itxiko dira estatu ia guztietan (Kalifornian eta Alaskan, 20:00etan), baina, AEBetan sei ordutegi erabiltzen dituztenez estatuaren arabera, bozkalekuak ekialdetik mendebaldera pixkanaka itxiz joango dira. Lehenengoek Euskal Herrian asteazken goizaldean itxiko dituzte, 01:00etan. Virginia, Georgia, Hego Carolina eta Vermont izango dira lehenetarikoak, eta horietan zenbatuko dituzte botoak lehenik. BERRIA 02:00etan hasiko da emaitzen berri ematen.

Aurreko hauteskundeetan, 06:00ak pasatuta jakin izan da nor zen garailea, baina, aurten, litekeena da beranduago izatea. Izan ere, posta bidezko botoa izugarri handitu da aurreko hauteskundeekin alderatuta, eta horrek dezente atzeratu dezake emaitza; are gehiago, emaitza estua bada. Estatu bakoitzak botoak zenbatzeko bere legea dauka.

Noiz biltzen da hautatzaileen batzarra?

Behin betiko emaitzekin, hautatzaileen batzarra abenduko bigarren asteazkenaren ondorengo lehen astelehenean biltzen da. Aurten, abenduaren 14an bilduko dira. Ez dira fisikoki biltzen, ordea. Konpromisarioak norbere estatuaren parlamentura joaten dira, eta han bozkatzen dute beren hautagaiaren alde.

Derrigorrez bozkatu behar dute estatuan aukeratutako presidentegaiaren alde?

Derrigorrez-derrigorrez, ez; estatu gehienetan, badute aukera beste presidentegaiaren alde bozkatzeko ere. Eta gertatu izan da. Legediak, ordea, hainbat zigor aurreikusten ditu konpromisario batentzat, bere estatuan erabaki dutena bozkatzen ez badu.

Noiz egingo da inbestidura saioa?

Hautatzaileen batzarraren ostean, urtarrileko lehen astean Senatuak eta Ordezkarien Ganberak konpromisarioen bozketa gainbegiratzen dute, eta behin betiko emaitza izan ondoren, urtarrilaren 20an egiten da inbestidura saioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.