Arrazakeria

Salatu dute Bilboko udaltzainek eraso bat egin dutela «arraza ezaugarriak tarteko»

Bizkaiko SOS Arrazakeriak egin du salaketa: «Funtzionario publiko batek bestelako arraza ezaugarriak dituen gazte bati egindako gorroto delitua da».

San Frantzisko auzoko Ertzaintzaren jarrera arrazista salatzeko elkarretaratzea Bilboko Justizia jauregian, uztailean, SOS Arrazakeria plataformak antolatuta. ARITZ LOIOLA, FOKU
arantxa iraola
2020ko azaroaren 3a
11:34
Entzun

Bizkaiko SOS Arrazakeriak adierazi du Bilboko udaltzainek eraso egin ziotela «bestelako arraza ezaugarriak» dituen gazte bati urriaren 10ean, Bilboko San Frantzisko auzoko Maiatzak 2 kalean, eta gazteak irainak ere pairatu behar izan zituela.

Gaztearen testigantzaren berri eman dute: «SOS Arrazakeriaren bulegoan salatu duenez, egun horretan lanetik irten zen, eta, ia egunero egin ohi duen bezala, Maiatzak 2 kaleko harategira jo zuen. Kale horretatik behera zebilenean, Udaltzaingoaren patruila bat heldu zen, norabide berean, autoz. Gazteak autoa beregandik oso gertu sumatu zuen. Norbaiti zerbait esateko edo zerbait begiratzeko asmoz hurbilduko zirela pentsatu zuen. Bat-batean, autoak harrapatuak zituen orpoak. Mutilak ukitu bat eman zion autoari, bera bertan zegoela eta oinak harrapatuak zituela adierazteko. Berehala, udaltzain bat autotik atera zen, eta ukabilkada bi eman zizkion gazteari bularrean, arnasa hartu ezinik utzita. Udaltzainak hormaren kontra jarri zuen gaztea. Horren ostean, mutilari dokumentazioa eskatu zion, haren nortasun agiria Espainiakoa dela jakin barik».

Bien bitartean Ertzaintza heldu zela esan dute, baina ez zuela esku hartu. Eta erasoa ez zutela eten: «Gaztea udaltzain erasotzailearekin hitz egitera hurbiltzen saiatu zen bakoitzean, beste udaltzainak ukabilkada bat ematen zion bularrean».

Horiek horrela, Bizkaiko SOS Arrazakeriak salaketa egin du. «Polizia indarkeria hori arrazakeria instituzionalaren parte da, eta egiturazko arrazismoa duen gizarte honetan gertatzen da. Izan ere, horrela, gizarteak berak bere iruditerian gaizkiletzat dituen kolektiboen aurkako diskriminazioa normalizatzen du», deitoratu du. «Funtzionario publiko batek bestelako arraza ezaugarriak dituen gazte bati eragindako gorroto delitua da, justifikaziorik ez daukan indarkeria fisikoa erabilita».

Adierazi dute lehendik ere heldu izan zaizkiela antzekoen salaketak: «Ez da hau izan polizia abusuei buruz guregana heldu den lehenengo kasua. Are gehiago, ondorioztatu dugunez, handitu egin da udaltzainen indarkeriazko ekintzen kopurua, aldez aurretik jokamolde hori eragiteko inolako ekintzarik egon barik». Argi daukate egiturazko arazo bat dagoela muinean: «Herri erakundeen arrazakeria agerian uzten duten hainbat adierazle daude: San Frantzisko auzoko polizia indarren neurri gabeko hedapena, agenteei soslai etnikoaren arabera identifikazioak egiteko aukera ematen dieten polizia protokoloak, eta polizia indarrek zenbait gizarte talderen kontra eragindako erasoek zigorrik ez edukitzea, herritar horiei beren duintasuna eta eskubideak kenduta».

Horregatik eskea: «Eskatu nahi dugu behingoz amaitzeko nazioarteko erakundeek gaitzetsiak dituzten jarduera bidegabe baztertzaile horiek, gure kaleetan egunero gertatzen diren praktika horiekiko erantzukizun instituzional eta politikoa erakustearekin batera».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.