Enplegua

Urrian, 5.500 langabe gutxiago Hego Euskal Herrian

Hezkuntzak bultzatuta, Gizarte Segurantzak ia 15.000 kotizatzaile berreskuratu ditu.

Nafar Lansareren bulego bat, artxiboko irudian. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2020ko azaroaren 4a
09:34
Entzun

Harreman sozialak gutxitzeko hartutako neurriek artean ez dute eragin handirik izan Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Urrian, 177.379 langabe zeuden erregistratuta enplegu bulegoetan, irailaren amaieran baino 5.524 gutxiago.

Datu positiboetan salbuespena Nafarroa da, han 763 langabe gehiago baitaude Nafar Lansareren zerrendetan. Lurralde horretan neurri zorrotzagoak ezarri dituzte, azken bi asteetan ostalaritza osorik itxita egon baita, etxera eramateko zerbitzuak emateko izan ezik.

Iaztik hona, ordea, asko handitu da langabezia Hego Euskal Herrian: 30.180 lagun gehiago daude lanik gabe.

Ohikoa den moduan, urria hilabete ona izan da Gizarte Segurantzaren afiliazioari erreparatuta. Irailetik urrira, afiliazioa 14.877 lagun handitu da. Edonola ere. iaz baino 22.233 lagun gutxiago daude lanean. Hazkunde horretan zeresan handia izan du hezkuntzak, urrian irakasle asko batzen direlako Gizarte Segurantzara, ikastetxeetan eta akademietan.

Sektore bakar batean egin dute behera kotizatzaileek: nekazaritzan (-1.384), mahats bilketa eta beste batzuk bukatu ondoren.

Nekazaritza da, hain zuzen ere, amaitu berri den hilean langabe gehiago batu dituen sektore bakarra (571).

Enplegu erregulazioak

Neurri murriztaileek oraindik enpleguari kalte egin ez diotela erakusten duen beste datu bat da aldi baterako enplegu erregulazioena. Irailaren amaieran 30.792 lagun zeuden egoera horretan, eta ia bost mila gutxiago ziren urriaren 31n, 25.955 hain zuzen ere.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.